Autobus eta auto baten arteko istripua gertatu da

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 16a, 10:45

Autobusa eta autoa errepidean, istripuaren ondoren. Argazkia: Frantziska Iraolagoitia.

(AZKEN ORDUKOA) Oraintsu, 10:30ak inguruan istripua gertatu da GI-627 errepidean, Eibarko noranzkoan, Mendiola industrialde pareko errepidean. Autobus batek eta auto batek elkar jo dute. Ezozi auzoko bizilagun batek kolpea entzun eta Udaltzaingoari eman dio abisu. Hasierako itxuraren arabera, istripua ez da larria. Ertzaintza bertaratzeko zain daude orain. 

Frantziska Iraolagoitia bizilagunak entzun du gertatutakoa, baserritik: “Bozina, frenazoa eta kolpea entzun dittut, irten naizenean geldituta zeuden”, kontatu du, argazkia helarazteaz batera.

Udaltzaingoan galdetuta, berriz, esan dute hasiera batean ez dirudiela inor larri dagoenik. Gaineratu dute orain udaltzaina bertan dela, besteak beste, zirkulazioa bideratzen eta errepidea ez dagoela itxita. Dena den, Ertzaintza bertaratzeko zain daude eta ez dute xehetasun gehiago, oraingoz. 

Informazio berria jakin ahala eguneratuko da albistea.