LAB sindikatuak salatu duenez, “osasun larrialdia dela eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako nagusien egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak… Langileen eskubideen urraketen adibide argiak”.
LAB sindikatutik azpimarratu dute egoera hori “modu sistematikoan errepikatzen” ari dela “Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan ere”.
"Irabaziak handitzea" lehenetsi
Oro har, uste dute “erantzukizun osoa” dela Gipuzkoako Foru Aldundiarena eta Patronalarena “irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako”. Halaber, diote “elite ekonomikoaren irabaziak handitzea edota gastu sozialaren gutxitzea lehenesten” dituztela.
Hori dela-eta, LABek uste du momentua dela “negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko”. Gaineratu du “egoera hau betikotzeak edo gatazka honi irtenbide emateak jendarte osoaren etorkizuna baldintzatuko” duela.
Bi greba egunekin batera, mobilizazioak ere iragarri ditu.