Kimatze-lanak bukatzear

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 16a, 09:14
Udal langile bat Plaza Zaharreko zuhaitzak kimatzen, gaur goizean, eguena.

Udal lan-taldeko beharginek Plaza Zaharreko ia zuhaitz guztiak kimatu dituzte dagoeneko. Bertako bi tabernen terrazen gaineko adarrak kimatuta daude. SabaldellGuipuzcoano banketxe pareko zuhaitzak falta dira. Eguraldiaren arabera, gaur edo bihar bukatuko dituzte lanak.

Astelehenean hasi ziren Plaza Zaharreko platanondoak kimatzen. Aurten, bestelako urteetan baino dezente lehenago kimatu dituzte, zuhaitzetan azaldu den mamorro plaga dela-eta. 

Platanondoetako tigrea (Corythuca ciliata) motako intsektuak dira eta urtero azaltzen dira platanondoetan. Halaber, urtero ematen zaie zuhaitzoi intsektu horien kontrako tratamendua, baina aurten ohi baino izurri handiagoa jasaten ari dira. 

Beste tratamendu bat

Herritar ugari kexu zen egoerarengatik, intsektuak plazan barreiatuta zebiltzalako. Konponbidea eman nahian, Udala halako gaiez arduratzen den enpresa batekin harremanetan jarri zen eta hark gomendatuta ari dira orain zuhaitzok kimatzen. Gainera, aditu berberek gomendatuta, datorren urterako, intsektuen izurria galarazteko ustez eraginkorragoa izango den beste tratamendu bat emango diete zuhaitzei.