Soraluzeko ordezkaritza ere izango da Elorregiko I. Artisau Azokan

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 15a, 09:48

Jon Mujika auzo alkatea artisau azokaren kartela erakusten, atzo, Elorregin.

Zapatuan, I. Artisau Azoka egingo dute Elorregin, Debagoienean. 25-30 artisauk eta eskulangilek parte hartuko dute eta tartean bi soraluzetar ere izango dira; gainerakoak Elorregi bertakoak eta inguruko herrietako artisauak izango dira. 11:00etatik 20:00etara izango da azoka zabalik. Bertaratzeko gonbidapena egin dute, baita soraluzetarrendako ere, “bidegorritik, ibiltzen edo bizikletaz edo bestela autoz ere bertara daiteke”.  

Zapatuan, irailaren 18an, denetarik erosteko eta ikusteko aukera izango da Elorregiko (San Prudentzio) I. Artisau azokan: “Piperrak erretzera Nafarroatik etorriko da bat, gazta izango da, ogia, barazkiak, brodatuak, bitxiak, arotz-lanak…”, esplikatu du azokaren antolatzaileak, Elorregiko auzo-alkate Jon Mujikak.

Artisau gehienak Elorregikoak bertakoak zein Debagoieneko inguruko herrietakoak izango dira, baina Soraluzetik ere bertaratuko dira bi lagun: Nagore Martin, Egotzako gaztarekin eta Cristina Albisua, Orratz markarekin egindako eskulanekin.  

Elorregin, Gurutze Gorriak anbulantziendako duen aterpean ipiniko dituzte azokako postuak. Aterpean egingo dute, badaezpada ere. Mujika auzo alkateak esplikatu duenez, artisauen mahaiak zirkuluan, saltzaileak elkarri bizkarra emanez jarriko dituzte guztiendako espazioa ziurtatzeko; horrekin batera, erosleendako norabide bakarra finkatuko dute, COVID-19arekin lotutako segurtasun neurriak bete ahal izateko. 

Komunak, aisialdi-gunea…

Elorregiko auzotar baten proposamenez pentsatu dute Elorregin azoka egitea. “Ikusi zuen puntu ona zela hau, potentzial handiko lekua da, hiru herri elkartzen diren lekua, bidegorria bertatik pasatzen da… Momentuan bertan hasi ginen eskaerak egiten eta 25-30 bat arrimatu dira, bai. Ea zelan doan. Lehena izango da eta espero gehiago egitea hurrengo”, esan du Jon Mujikak.

Hark gaineratu duenez, azoka aprobetxatuko dute auzoari begira hainbat erreibindikazio egiteko. “Elorregitik 200 autobus pasatzen dira egunero, gehi bidegorriko jendea ere bai eta azokarena moduko gauzak antolatuta gura dugu erakutsi erabilera handiko lekua dela honako hau eta azpiegitura gehiagoren beharra dagoela; komunak ez dituzte ipini oraindik, adibidez. Gainera, azokara datozen gehienak baserri-ingurukoak dira eta hori ere indartu beharra dago; ea entzuten duten. Bestalde, autobus geltokia hemen egoteaz aparte, bidegorria jende askok erabiltzen du, pandemian ikusi dugu jendea hona etortzen zela familiarekin elkartzera, hiru herrien arteko (Bergara, Oñati, Arrasate) topalekua da eta hori indartu nahiko genuek. Guk Sanprubusa ere horregatik ipini genuen, ikusten zelako zerbitzu beharra dagoela. Ondo legoke adibidez, hemen ondoko sasiartea garbituko balute eta mahai eta jarleku batzuk ipini, aisialdi-gune moduko bat sortzeko eta auzoa indartzeko”.