Sabadell banketxearen bulegoa itxi egingo dute, urrian

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 14a, 09:53

Sabadell banketxearen Soraluzeko bulegoa, kanpotik.

Urriaren 15ean itxiko dute SabadellGuipuzcoano banketxearen Soraluzeko bulegoa. Eibarko bulegoarekin fusionatuko da Soraluzekoa eta urriaren 16tik aurrera hantxe eskainiko dute aurrez aurreko arreta. Herriko kutxazainak, berriz, momentuz, zabalik segituko du. Gipuzkoan dituen 39 bulegoetatik 19 itxi egingo ditu Sabadellek.

Ofizialki, uda ondoren hasi zitzaizkien SabadellGuipuzcoanoko langileei bulegoen itxieraren berri ematen. Soraluzekoaz aparte, Debabarrenean, Ermuko eta Debako ordezkaritzak ere itxi egingo dituzte, ez ordea, herriotako kutxazainak. Eta Elgoibarren, Kutxa Aurreratuko Bulegoa lagako dute. Bestela esanda, kutxako arreta eskainiko dute Elgoibarren. Eibarko eta Mutrikuko bulegoek, berriz, zabalik segituko dute, oraingoz. 

Enplegu erregulazioa

Egunotan, enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak negoziazio prozesuan dabiltza, izan ere,  bulegoak ixteaz aparte, banketxeak EREa edo EEEa aplikatu nahi du lantaldean, Enplegu-Erregulazioko Espedientea, eta, horren gaineko baldintzak negoziatzen ari dira. Langile batzuk lekuz aldatuko dituzte, beste batzuk aurre-erretiratu eta susmoa dute beste hainbat kalean geratuko direla.

Soraluzeko bulegoan bi langilek dihardute lanean, Elgoibarkoa da bata eta Bergarakoa bestea. Esperantza dute Eibarko bulegora lekualdatuko dituztela. Garbitzailea ere badu banketxeak, Soraluzekoa hura, beraz, hark lanpostu hori galdu egingo du.

Digitalizazioa, errentagarritasuna…

Enpresako zuzendaritzak langileei emandako azalpenen arabera, digitalizazioaren ondorioz egin nahi dute Sabadell banketxearen berregituraketa. Diotenez, pandemiaren ondoren asko azkartu zen digitalizazio-prozesua eta geroago eta bezero gehiagok erabiltzen dute online zerbitzua zein kutxazain zerbitzua. 

Bestelako iturri batzuen arabera, berriz, banketxeak errentagarritasuna handitu nahi duelako itxiko ditu bulegoak eta Enplegu-Erregulazioko Espedientea egin.

Atzo, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzean ere eman zuten itxieraren berri, horrek ekarriko duen zerbitzu galeraz arduratuta, batik bat, adinduei begira. 

Bezero asko herrian

Izan ere, 2010ean, Sabadell banketxeak Banco Guipuzcoano absorbitzeko prozesua abiarazi eta 2012an gauzatu zuen. Banco Guipuzcoanoa lurraldeko banketxe dekanoa zen, 1899an sortutakoa, eta, lurraldearekin zuen lotura handiaren ondorioz, Soraluzen, penetrazio handia zuen. Bestela esanda, lehen Guipuzcoanoak eta orain SabadellGuipuzcoanok bezero asko ditu herrian. Bada, horiek guztiek, aurrerantzean, online zerbitzua edo kutxazaina erabili beharko dute, edo bestela, Eibarko bulegora joan.