Zazpi liburu idatzi ditu Ibon Muñoa Arizmendiarrietak gaurdaino, gehienak preso zegoela. Atzo, Gure Ama-Lur feminista da izenburua duena aurkeztu zuen Tolarekuan, Asier Herizen eta Iñaki Saezen heriotzaren XX. urteurrenaren testuinguruan.
Idazleak jakinarazi zuenez, izenburu hori jarri dio liburuari, Ama-lurra zein feminismoa, biak maila berean maite dituelako. Ama-lurrarekin harremana umetatik izan du, familiarekin zein lagunekin mendirako joera izan baitu beti. Kartzelaldiak, berriz, galarazi egin zion harreman hori eta trasladoetan izan ezik, 20 urtean “Ama-lurra besarkatu barik” egon dela kontatu zuen.
"Momentu hori zoragarria zen"
Hala, Valdemoroko, Kordobako… kartzeletako ziegetan, “bost metrora zuen paretari begira mamitu” ditu liburu gehienak, berari kartzelatik “ihes” egiteko bide eman diotenak: “Bertso batean Arrate aipatzen banuen, han nengoen, edo Eibarren… eta momentu hori zoragarria zen”.
Feminismoari dagokionez, Muñoak irmoki partekatu zuen etorkizun hobea, bidezkoagoa eta gizatasunean oinarritutakoa lortu nahi bada, patriarkatuarekin amaitu behar dela, matriarkatuaren mesedetan. Matxismoari “gorroto” diola aitortu zuen.
Kontatu zuen idatzitako zazpi liburuetan, bere burutazioak, sentimenduak eta aldarrikapenak partekatu dituela, olerki eran.
Liburuek argia ikusteko, berriz, Ataramiñe argitaletxearen babesa izan du Muñoak, beste euskal preso askok moduan. Eta lagun ugarik lagundu diote liburuak osatzen, batzuk aipatzearren, Trumoi, Mikel Arrillaga, Leire Narbaiza… Zazpi liburuen azalak, berriz, Mikel Zarrabek egindakoak direla jakinarazi zuen eta baita ere atzo aurkeztu zuen liburuaren hitzaurrea Xabier Amuriza bertsolariak egindakoa dela ere.