Datorren astean zabalduko dira Udal Ludoteka eta Gaztelekua

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 9a, 14:55
Udal Ludotekan iaz ibili ziren taldeak. Argazkia: Kukumixo

Astelehenean, irailaren 13an, hasiko da zerbitzua eskaintzen Udal Ludoteka. Funtzionamendua, xehetasunak eta abarrak esplikatzeko, bihar, barikua, gurasoekin bilera egingo dute. Bestalde, datorren barikuan, irailaren 17an, Udal Gaztelekuak zabalduko ditu ateak. 

Ekainean itxi ziren Udal Ludotekarako zein Gaztelekurako izen-emateak. Ludotekarako 97 umek eman zuten izena eta 58k, berriz, Gaztelekurako. Egunotan, xehetasunak lotu eta zerbitzu biak martxan jarriko dituzte.

18:00etan antzokian

Besteak beste, bihar, barikua, ludotekako erabiltzaileen gurasoendako bilera antolatu dute. Hitzordua 18:00etan da, Herriko Antzokian. Ondoren, astelehenean zabalduko da zerbitzua, bi begiralerekin. Ohi denez, taldeak osatuko dituzte. Haietakoren batean leku librerik baldin badago, zerbitzua erabiltzeko itxaron zerrendan daudenei zein izena emateko interesa dutenei emango diete aukera. 

Hamabostean behin

Gaztelekuari dagokionez, berriz, bihar zortzi hasiko da zerbitzua eskaintzen. Iaz moduan, aurten ere gazte askok eman du izena. Hori dela-eta, taldeak antolatu eta hamabostean behin bertaratu ahal izango da talde bakoitza. Gaztelekuan ere bi begiralek jardungo dute.