2001etik urtero egin izan duten moduan, aurten ere, irailaren 11n (zapatua), oroitza eta aldarria uztartzen dituen ekitaldia egingo dute Plaza Berrian, arratsaldeko 19:00etan hasita. Aurretik, goizean, 11:30ean, Asier eta Iñakiren omenez eta dispertsioa salatzeko antolatzen duten pilota txapelketaren hogeigarren edizioaren finala jokatuko dute San Andresen.
Arratera martxa eta liburu aurkezpena
Aurten, urteurren berezia dela eta, ezohiko bi ekitaldi antolatu dituzte. Eguaztenean, 13:15ean, oroimen ekitaldia egingo dute Eibarko Arraten. Arrate eguna dela baliatuz, 10:30ean Eibarko Urkizu plazatik abiatuta oinez igoko dira Arratera eta han, 13:15ean, ekitaldia egingo dute.
Eguenean, berriz, Ibon Muñoa eibartar preso ohiak idatzitako Gure ama-lur feminista da liburua aurkeztuko dute Soraluzeko Tolarekua aretoan, 18:30ean.
Biktima gisa errekonozitzeko eskaera
Ekitaldi guztiotan, euskal presoen urruntze eta dispertsio politika amai dadin eskatuko dute eta horrekin batera 2001eko istripuan hil ziren bi herritarrak eta istripu horretan bertan larri zauritu zen Irantzu Benito Estatu indarkeriaren biktima gisa errekonozitu daitezela ere bai. 2019an Egiari Zor Fundazioak ekoitzi zuen Aitortzarik gabeko estatuaren biktimak ikusentzunezkoan adierazi zuen Irantzu Benitok "lasaitasuna" emango liokeela [estatuaren] indarkeriaren biktima gisa errekonozitzeak.