Bihar abiaraziko du ikasturtea musika eskolak

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 8a, 08:01

Musika eskola kanpotik, atzo, astelehena.

110 bat ikaslerekin eta 12 irakaslerekin abiatuko du 2021-2022. ikasturtea Soraluzeko Musika Eskolak. Gaur, eguaztena, ordutegiak banatuko dituzte, 18:00etan eta bihar emango dituzte aurrenengo eskolak. Berritasunak izango dira aurten.

Taldeak osatuta eta ordutegiak antolatuta, bihar eguena hasiko dira eskolak ematen musika eskolan. 4 urtetik hasita, orotariko ikasleak matrikulatu dira; 110 bat guztira, horietatik, 28 dira helduak.

Uzin zuzendari

Aurten, berritasunak izango dira musika eskolan. Adibidez, zuzendaritza talde berria izango da, Domentx Uzin zuzendari dela. Horrez aparte, Uzinek esandakoaren arabera, haizezko instrumentuei begira talde egonkorra sortu nahi dute, lehenago egiten zuten modura. Hartara, haizezko instrumentuetako ikasleek eskolan ikasitako instrumentu hori taldean eta kalean jotzeko aukera izan dezaten, txarangan, adibidez.

Leku libreak badaude

Osterantzean, Uzinek aurreratu zuen berrikuntza gehiago ere izango direla, esanguratsuak, gainera. Dena den, haiei buruzko azken xehetasunak lotutakoan emango dute berritasunen berri.

Bestela, zuzendari berriak jakinarazi zuen oraindik badaudela leku libreak 4-5 eta 6 urtekoen musika tailerretan. Eta baita instrumentuak ikasteko ere. 17 instrumentu ikasteko aukera eskaintzen du musika eskolak, besteak beste.