Salatu dute pentsioen lege proiektuaren helburua dela “lan gehiago egitea pentsio txikiagoa jasotzeko”

Ubane Madera Zangitu 2021ko ira. 6a, 17:08

Herritarrak Plaza Berrian, pentsioen aldeko elkarretaratzean, gaur.

Gaur, irailaren 6a, egin dute opor osteko pentsio publiko duinen aldeko lehen elkarretaratzea. Besteak beste, iragarri dute asmoa dutela “indar handiagoz borrokatzen” jarraitzeko, “gure aldarrikapen zuen eta premiazkoengatik”. Asteleheneroko mobilizazioei ekiteaz aparte, urriaren 1ean eta azaroaren 13an Euskal Herri mailako mobilizazioak izango dira.

Goizean egindako elkarretaratzean, pentsiodunen mugimenduak baztertu egin du Estatuko Gobernu Kontseiluak abuztuaren 24an onartutako pentsioak erreformatzeko lege-proiektua. Diote “murrizketa berriak” ekarriko dituela, nabarmenena “lan gehiago egitea pentsio txikiagoa jasotzeko”. Gaineratu dute, besteak beste, 2011ko pentsio-erreformak indarrean segitzen duela eta horren ondorioz, pentsioak urtez urte murriztu egiten direla.

35 bat herritarrek babestu dute gaurko protesta. Ohi denez, Plaza Berrian elkartu dira, gaurkoan haren bueltan, gerizpearen babespean.

Murrizketak zerbitzu publikoetan

Pentsio duinak aldarrikatzeaz batera, zerbitzu publikoetan ematen ari diren murrizketak ere salatu dituzte. Honakoak azpimarratu dituzte: “Murrizketak osasunean eta zerbitzu soziosanitarioetan. Zuzeneko arretako zerbitzuak murriztea. Bankuak pandemia baliatzen ari dira sukurtsalak ixteko eta arreta pertsonalizatua murrizteko. Elektrizitatearen monopolioak argiaren ordainagiria handitu du, bere boterea eta Estatuko Gobernuaren permisibitatea agerian utziz”.

Horrez gainera, gogora ekarri dute, orain arte emandako “argudioekin  eta mobilizazioekin” erakutsi dutela “Pentsioen Sistema Publikoa guztiz bideragarria dela”, eta, lortu dutela “pentsioen errebalorizazioa bizi-kostuaren hazkundearen arabera egitea”.

Pentsioak gaurko eta etorkizunerako

Hori horrela, Estatuko Gobernuari eta Euskal Autonomia Erkidegokoari eta Nafarroakoari eskatu diete “egin beharrekoa egin dezatela 2011ko eta 2013ko pentsioen eta 2010eko eta 2012ko lan-kontratuen erreformak behingoz indargabetzeko; kalitatezko enpleguak sor ditzatela langileen bizitza duinduko duten soldatekin eta Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak hobetu ditzatela, gaurko eta etorkizunerako pentsio publiko duinak bermatuz”.