Larrialdietarako albaitaria eraman behar izan zuten txakurra artatzera. Hark emandako tratamenduari esker lortu zuten animaliaren bizia salbatzea.
Udaltzaingoak emandako xehetasunen arabera, mamorroendako pozoia da bota dutena.
Martxoan, pozoitutako tripakiak
Lehenago ere bota izan dute pozoia Ezozibideko inguru hartan. Hain justu, aurtengo martxoan, tripakiak laga zituzten Mendiola industrialdearen hasiera, sokaz lotuta eta gainean pozoia zutela. Inguru hartan txakur asko ibiltzen da paseoan.
Oraingoan, berriz, garaje baten barrura bota dute pozoia, horregatik uste dute txakur jakin horren kontrako erasoa izan dela. Udaltzaingoak esandakoaren arabera, txakur hura animalia lasaia da, ez du zaunkarik egiten eta ugazabek beti eramaten dute lotuta paseoraino. Han askatzen dute txakurra, beti ere, inor ez badabil inguruan.
Bestalde, Udaltzaingoak gogora ekarri du debekatuta dagoela pozoia botatzea baimenik gabe.