Domekan, beste hamar lagunek ezagutuko dute Dolmenen Ibilbidea bertatik bertara. Elosua-Plazentziako estazio megalitikoko bisita gidatuez arduratzen den Begi Bistan elkartetik esandakoaren arabera, aste hasieratik dago taldea beteta, pandemiaren eraginez, 10 lagunetara mugatuta dagoena.
Gaineratutakoaren arabera, abuztuan aurreikusita zeuden bi bisitak ere egin dituzte, nahiz eta kasu horretan, talde biak ez bete. Hori bai, kontatu dutenez, besteak beste, Bartzelonatik etorritako bisitariak ere izan ziren, tolosarrekin, ondarrutarrekin, donostiarrekin eta elgoibartarrekin batera. Bestalde, herritar batek kontatutakoaren arabera, asiar jatorriko hiru bisitari ere izan ditu ibilbideak abuztu honetan, beraz, badirudi geroago eta ezagunagoa dela inguru hau.
Aldez aurretik izena eman
Dolmenen Ibilbidea bisitatzeko hurrengo hitzordua urriaren 3an izango da. Euskarazko bisita izango da. Azkena, berriz, urriaren 16an, gaztelaniaz.
Gogoan izan, bertaratzeko aldez aurretik eman behar dela izena (657 794 677 Begi Bistan), are gehiago aurten, taldeak mugatuta daudela kontuan hartuta.