Irailaren 8a. Horixe da ikasturtearen hasiera ofiziala Plaentxi Eskolan zein Soraluze BHI Institutuan.
Hori horrela, Plaentxi Eskolako zuzendaritzako kideak joan den astetik ari dira lanean eta gaur bueltatu dira irakasle guztiak lanera. Orain, ikasturtea abiatzeko prestatze lanak egiten ari dira.
350 ikasle inguru
Besteak beste, bihar, eguena, Haur Hezkuntzako gurasoekin batzarra egingo dute. Hitzordua 18:00etan da, eskolan bertan. Lehen Hezkuntzako gurasoekin, berriz, irailaren 6an, astelehena, egingo dute batzarra. Edozelan ere, eskolak berak helaraziko dizkie jakinarazpenak gurasoei.
Plaentxi Eskolan 350-360 bat ikasle izango dira 2021-2022. ikasturtean. Irakasleak, berriz, 40 izango dira. 11 langilek jardungo dute jantokian. Bertsolaritza irakasten Eneko Beretxinaga ibiliko da eta beste hiru langile izango dira garbiketa lanak zein konponketak egiteko.
Horrez gain, aipagarria da aurten zuzendaritza talde berria izango duela ikastetxeak, Amaia Osoro Gorrotxategi eibartarra zuzendari dela.
Egutegiari dagokionez, ohi moduan, goizez hasiko dituzte eskolak. Irailaren 27an hasiko dira goiz eta arratsaldeko eskolekin. Bestalde, iaz moduan, pandemia dela-eta, eguazten arratsaldeetan umeek libre izango dute, irakasleek koordinazio lanak egin ahal izateko.
155 ikasle inguru institutuan
Soraluze BHI Institutuari dagokionez, berriz, han ere gaur hasi dira lanean irakasleak eta baita zuzendaritza ere. Aurten, 155 ikasle inguru izango dituzte eta 25 irakasle. Iazko zuzendaritza talde berbera izango du ikastetxeak eta pandemiari dagokionez, iazko protokolo ia berbera aplikatuko dute.
Irailaren 8an, ikasturtea hasteko, ikasleei harrera eta aurkezpenak egingo dituzte. 10:00etan hartuko dituzte 1. eta 2. DBHko ikasleak eta 11:00etan, berriz, 3. eta 4. DBHko ikasleak.
Haurreskolan, 9 ume
Azkenik, Haurreskolan ere prestatze lanetan daude murgilduta gaurtik. Astelehenean, irailaren 6an hartuko dituzte umeak. 9 umerekin hasiko dute ikasturtea: 4 ume 0-1 urte bitartekoak eta gainerako 5ak 1-2 urte bitartekoak. Hiru hezitzailek jardungo dute haiekin.