Edukiera handitzea onartu du LABIk, %60 merkataritzan zein kirol eta kultura jardueretan eta %50 ostalaritzan

Ubane Madera Zangitu 2021ko abu. 30a, 13:43

Jokin BIldarratz eta Gotzone Sagardui gaurko prentsaurrekoan.

Gaur, astelehena, LABIren Aholku Batzordeak neurri berriak iragarri ditu, batik bat, orain arteko edukiera mugei dagozkienez. Onartu du gehieneko edukiera, oro har, %60rainokoa izatea; ostalaritzan, berriz, %50erainokoa. Gainerako neurri gehienek bere horretan segituko dute. COVID-19aren kutsatze-datuei dagokienez, berriz, barikutik atzora arte, 10 positibo berri atzeman dituzte Soraluzen. Eskoletan, berriz, iazko protokolo bera aplikatuko dute

Gaur goizeko batzarraren ondoren iragarri ditu LABIren Aholku Batzordeak neurri berriak. Etzi, eguaztena, sartuko dira indarrean, 00:00etan. 

Honakoak dira dekretu berrian zehaztutako neurriak:

  • Jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera ehuneko 60koa izango da lokal eta instalazio guztientzat, muga espezifiko bat aplikatzen den kasuetan izan ezik.
  • Edozein motako gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako esparruetan, gehienez ere, 600 pertsona elkartu ahal izango dira barnealdeetan eta 800 pertsona kanpoan.
  • Ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduetan, edukieraren ehuneko 50ekoa izango da barruko aldean. Mahai bakoitzean, berriz, gehienez zortzi lagun egon ahal izango dira, bizikideen kasuan izan ezik.
  • Barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio.
  • Ostalaritzari ezarritako arau berberak aplikatuko zaizkie txokoei edo elkarte gastronomikoei zein joko-aretoei.
  • Indarrean jarraituko du merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak goizaldeko ordu batean ixteko muga-ordutegiak, baita ere gazte-lokalen eta gaueko aisialdiko establezimenduen itxierak ere.
  • Hondartzetako eta igerilekuetako joan-etorrietan eta ibilaldietan nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea pertsonen arteko gutxieneko distantzia etengabe mantentzea ezinezkoa denean.

Arau berriekin batera, maskara erabiltzen segitzeko, segurtasun distantzia gordetzeko, pilaketak saihesteko, barruko espazioak aireztatzeko eta txertatzeko beharra ere azpimarratu dute. 

Ikastetxeetan iaz moduan

Neurri berriak iragartzeaz bat, goizeko prentsaurrekoan izan den Jokin Bildarratz Hezkuntza Sailburuak jakinarazi du 2021-2022 ikasturtean iazko protokolo bera aplikatuko dutela. Horren ondorioz, besteak beste, ikasleek maskarak erabiltzen segituko dute (Haur Hezkuntzan izan ezik) eta ikasgela bakoitza burbuila taldea izango da. 

20 positibo azken astean

Bestalde, gaur argitaratutako kutsatze-datuen arabera, Soraluzen gora egiten segitzen dute atzemandako positiboek. Barikutik atzora arte, 10 herritarrek eman dute positibo birusa atzemateko probetan. Eta, oro har, joan den astean ugaritu egin ziren positiboak, izan ere, astelehenetik domekara 20 herritarrek eman du positibo COVID-19 koronabirusean. Azken bi asteotako gorakadaren eraginez, 780,07 da herriko intzidentzia-tasa metatua.