Murala margotzeko ekimena Sororak talde feministak bultzatu du, “herrian emakumeen presentzia indartzeko”. “Kiroldegiko paseoan emakumeon borrokari erreferentzia egiten zieten muralak egon izan dira eta ideia hori berreskuratu nahi izan dugu”, adierazi dute taldeko ordezkariek. Hilabete batzuk lehenago Lian Monserrate muralgilearekin berba egin ondoren, talde feministak proiektua aurkeztu zion Udaleko Berdintasun Batzordeari eta honek oniritzia eman eta laguntza ziurtatu ostean, atzo ekin zion Lianek murala margotzeari eta aurreikusi duenez, astelehenean amaituko du.
Emakumeak labaderoan
Muraleko irudiaren oinarria joan zen mendean ateratako zuri-beltzezko argazki bat da. Bertan, emakumeak ageri dira, arropak garbitzen, labadero batean. Muralgileak koloreak gehituko dizkio zuri-beltzezko irudiari, eta koloreen arteko kontraste horren bitartez, planteatuko dio hausnarketa ikusleari. Sororak taldeko kideen ustez irudi “adierazgarria” eta “indartsua” da, emakumeak elkarrekin lanean dihardutelako, haien arteko sareak ehuntzen eta ahizpatasuna harilkatzen”.
Zaletasuna ofizio
Lian Monserrate muralgilea Ameriketako Estatu Batuetan jaio zen 1981ean baina Kataluniakoa sentitzen da, 16 urte zituenetik L'Hospitalet de Llobregaten bizi izan baitzen. 2016an, ordea, Euskal Herrira etorri zen bizitzera, Atxondora, eta, harrezkero, bertan bizi da. Euskaraz ere ikasi du.
Lianek ofizio bihurtu du muralak eta grafitiak egiteko zaletasuna. 1996an egin zuen bere lehen murala eta, ordutik, 700 inguru egin ditu Europa osoan zehar; Italian, Grezian, Alemanian, Ingalaterran...
2020an, kaleko artean espezializatua dagoen Streetart360 webguneak munduko ehun mural ederrenen zerrendan kokatu zuen Lianek Leitzako Atekabeltzen margotu zuen murala.
Lianen lanak ikusgai daude bere Facebookeko eta Instagrameko kontuetan.