Joan den eguaztenean jardun zuten Irukurutzetako biribilgunean lanean. Ordura arte futbol zelaiko sarreran zegoen Arribiribiletako zutarriaren erreplika bertara eraman eta han ipini zuten, herriaren sarreran “futbol zelaian baino efektu handiagoa” egingo duelakoan, Iker Aldazabal alkatearen esanetan.
Zutarriaren erreplika ipintzeaz batera, Dolmenen Ibilbidea herrian bertan dagoela jakinarazten duen idazkia ere jarri zuten, euskaraz zein gaztelaniaz.
Biribilgunearen zoruan, berriz, sare geo-testila ipini zuten, belarrik irten ez dadin; izan ere asmoa da gainean harri zuria botatzea. Hori irailean egingo dute.
Ekimenaren helburua da Dolmenen Ibilbidea balioan jartzea, batik bat, Soraluzera datorrenari edo bertatik pasatzen denari jakinaraztea hemen dagoela altxor megalitiko hori.
Bitxikeria moduan, 2014an, zutarriaren erreplika bera udaletxe ondoan zintzilik ipini zuten Alkarrekin Soraluze Eginez prozesuaren eskutik. Ekimen horren bitartez ospatu zuten Aranzadi Zientzia elkarteak zutarria zutik jarriko zuela. Orduko bideoa eta artikulua HEMEN klikatuta ikusgai.