“Bertsolariak askatasuna behar dik eta nik ez nian askatasunik” erantzun dio Euzkitzek Oier Aranzabal elkarrizketatzaileari bertsolaritza uzteko arrazoiez galdetu dionean. Izan ere, ordubeteko elkarrizketan bertsolari eta aurkezle ezagunaren bizitzako hainbat alderdiren gainean berba egin duten arren, elkarrizketan pisu berezia du bere bertso-ibilbidearen gaineko kontakizunak eta, nola ez, berau uzteko izan zituen arrazoienak.
Izan ere, Euzkitzek elkarrizketan kontatu duenez, 90. hamarkadan, bertsotan ETAren jardunarekiko kritiko azaldu zenean, “beldurra” sentitu zuen eta adibide modura, garai hartan bizitako hainbat pasarte zehatz kontatu ditu, esaterako, ETAk bahituta zuen Aldaia enpresaria askatzearen alde kantatu zuenekoa eta beste zenbait.
1998an, Lizarra-Garaziren garaian, erabaki zuen Euzkitzek plazako jarduna uztea, politikoki “giroa asko goxatzen” hasita zegoela. “Zerbait lehertu zuan nire baitan. (…) Nik barruan banerabilean sentsazio hori eta halako batean, Soraluzeko saio batean kantatzen ari nintzela, sentitu nian ‘ni hemen lekuz kanpo nagok eta utzi egin behar diat’ eta egun hartantxe egin nian azkenengo agurra”, kontatu du.
Ondorengoa da Soraluzeko saio hartan kantatu zuen azken bertsoa:
“Bertsoak denetik du
gazi eta gozo,
batzuetan gazitik
gehiegi akaso,
kasik atzo goizean
esan nuen kaixo,
agurrera iritsi
naiz pausorik pauso,
adio bertsozale
maite zaitut oso”.
Seguruenik, egun hartan Soraluzeko zinean kantukide zituen bertsokideetatik aparte, entzuleen artean inork gutxik antz emango zion saioaren agurreko bertso hura azpeitiar gaztearen plazako jardunaren behin betiko agurra zenik. Hara noiz, orain, hogeita hiru urte beranduago, aukera sortu den Euzkitzek herrian kantatu zuen agur haren ingurumariak zehaztasun handiagoz ezagutu eta bertso historiko hura jatorrizko audioan entzuteko.
Elkarrizketa osoa entzungai da EITB podkast webgunean.