Inaxio Oiarzabal Sareko bozeramaileak esan du gerturatzeok presoen senide eta lagunen "zama arintzen" dutela, eta horrez gain, Sareren esanetan "urruntze politika guztiz amaitu eta euskal presoak etxera itzultzeko prozesua hasi da".
Foro Sozial Iraunkorrak ere adierazi du Espainiar Gobernuak "espetxe politikaren normalizazioaren bigarren faseari" ekin diola, eta foroak uste du badaudela "gehiengo eta adostasun transbertsal instituzional, politiko, sindikal eta sozial nahikoak, gai horiek ebazteko fase integral eta behin betiko batean sartzeko".
"Fase integral eta behin betiko" horri begira, Foro Sozialak aipatu du "eragile ugarik" hainbat helburu partekatzen dituztela: "motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxeetan egotea", "hirugarren graduan dagokion kasuetan eta Estatu Frantsesean betetako zigorren metaketa aplikatzea", eta, "batez ere, bizikidetza demokratikoa eraikitzen lagunduko duen birgizarteratze-ibilbide batean aktiboki parte hartzea".
Abuztuaren 21ean, jai giroko manifestazioa Donostian
Azken asteotan Gipuzkoa zeharkatu duen Ibilian-ibilian ekimena abuztuaren 21ean helduko da Donostiara eta bertan Gipuzkoako eskualde guztiak batuko dituen manifestazioa egingo dute. Manifestazioa Donostiako Artzai Onaren katedraletik abiatuko da, 17.30ean; "festa giroan" izango dela iragarri dute. Bertan, euskal presoei "legeak berak dioen bidea irekitzea" eskatuko dute, neurri erantsirik gabe.