0 KM KOMERTZIOAK

Txuritxu Gozotegia bogan

Erredakzioa 2021ko uzt. 29a, 08:00

Pili eta Arantxa Txuritxuko lankideak izozki bana eskutan.

Azkenaldian, gosariek, helatuek eta eskaintzen duten tratu hurbilak herritar asko erakarri ditu Txuritxura. 

Txuritxun ere "gogorra" izan da pandemia eta harek ekarri dituen "eragozpenak". Hala ere, Pilar Espigak alde onari begiratu nahi dio: “Pandemia garaian jende askok ezagutu gaitu eta asko gelditu egin dira".

Apustua gosariekin 

Txuritxu Goxodendak 36 urte beteko ditu azaroan. Hasierako urteetan negozioaren oinarria pastelak izan ziren, baina azken urteotan hori aldatu egin da: “Orain, indarra hartu duena kafetegia da eta, batez ere, gosariak”. Izan ere, duela urte batzuk apustu berezia egin zuten gosariekin, “kalitatezko produktuak” erabilita eta presentazioa “asko” zainduta. 

Gaur egun, pastelen eskaintza eta etxerako zerbitzuaz gain, ogia, egunkaria, degustazioko gosariak, eta artisau-helatuak eskaintzen dituzte.

Pastelak Larrañagarenetik

Duela hilabete batzuk aldaketa garrantzitsua egin behar izan zuten: “Elgoibarko Muruamendiaraz itxi zutenean, topatu behar izan genuen kalitatezko pastelak egiten zituen eta hurbil zegoen beste hornitzaile bat. Bergarako Larrañaga aukeratu genuen eta oso pozik gaude zerbitzuarekin", dio Pilik. 

Tratu atsegina

Tratu atsegina da Txuritxuren beste bereizgarri nagusia: “Ahalegintzen gara atseginak izaten jendearekin eta nik uste jendeak estimatzen duela hori. Niri nire lana gustatu egiten zait eta lan honetan ilusioa eta bokazioa edukitzea oso inportatea da, baita jendea zaintzea ere”. 

Pilirekin batera, goizetan Arantxa Mendikutek lan egiten du gozotegian. “15 urte inguru daramatza lanean nirekin. Txikitatik ezagutzen dugu elkar eta oso ekipo ona osatzen dugu". 

Horra arrakastaren gako nagusiak: kalitatezko produktuak, aurkezpen txukuna eta bezeroa zaintzea.