"Egiten dugun bideo bakoitzaren atzetik lan handia dago"

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 28a, 09:01

Maite Garmendia Gallastegi Gaztea Irratian. Argazkia: Maite Garmendia.

Gaztea Irratiko GU saioko sare sozialak kudeatzen aritzen da Maite Garmendia Gallastegi (Soraluze, 1996). Bigarren uda du EiTBn. Aurten bukatu ditu Ikus-entzunezko Komunikazio Ikasketak Mondragon Unibertsitatean eta oraindik "ikaslea" den arren, orain arte egin dituen ikus-entzunezko batzuek harrera ezin hobea izan dute. 

Zeintzuk dira community manager baten zereginak?
Instagram, TikTok, Twitter… eta halako sare sozialetarako edukia sortu, trending diren gaiei buruzkoak. Adibidez, TikToken bideo bat tendentzia bada, hori gureratu, Euskal Herrira ekarri eta hemengo erreferenteekin honako propio egin, batez ere, gazteen atentzioa erakartzeko. Hemengo gazteek ere jakin dezaten euskarazko edukia badagoela eurei zuzenduta.  

Egin duzun azken lanetako batean zu zeu ere azaltzen zara, ezta?
Spice Girls taldearen Wannabe kantuak 25 urte bete zituela-eta, kantuaren bideoa egin genuen eta ni ere azaltzen naiz, baina atzean.

Sare sozialetan gertatu zaizu anekdotaren bat?
Justu, behin bideo bat egin genuen “a lo tonto”, Spice Girls taldeko Geri Halliwell abeslariaren “Its Raining Men” abestiak 20 urte betetzen zituelako. Ba abeslariak berak “Atsegin dut” eman zion bideoari. Egia esan, Euskal Herrian sortutako zerbait Spice Girl batek ikustea ikaragarria da. 

Tendentzia diren gaiekin lan egiteak oso estresantea izan behar du… 
Bai, gai askok oso denbora laburra irauten dute. Bestalde, jende askok uste du guk lanean denbora guztian ondo pasatzen dugula, baina egiten dugun bideo bakoitzaren atzetik lan handia dago, produktuarekin ondo asmatzeko. Askotan, 30 segunduko bideo bat egiteko 4-5 ordu behar dira. 

Diote GU saioan plazentziatarrez ere berba egiten duzula. 
Albistegiak euskara batuan eman behar izaten ditut. Baina tarte batzuk nik egiten ditut, eta hor plazentziatarrez dihardut. Interneteko momentuko bitxikeriak kontatzen ditut, denei gertatzen zaizkigun eguneroko egoerak irudikatuz. 

Gaztea Irratian superbekadun zara; zer da hori?
Uda lanean ematen duzula (barre). 

Oraingoa bukatzen duzunean, zer?
Ikusi egin behar. Curriculuma egin eta bota.

Baduzu curriculumean zer ipini, behintzat. Irakurri dut zure lan batek Japoniako Nagaoka City-ko ekimen bat inauguratu zuela. Bai?
Unibertsitateko lan bat izan zen, euskal gastronomiaren ingurukoa. Txurruka agertu zen eta Eibarko edo Elgoibarko baserri baten irudiak. 

Belgikan ere ibili zara ikasle eta han sari bat eman zizuten.
Unibertsitateko beste lan bat izan zen, hango turismoa promozionatzeko bideo bat. 

Argazkilari moduan ere ibilitakoa zara, ala?
Ajuria y Urigoitia. Patrimonio industrial de lava erakusketan parte hartu nuen, Gasteizen. Istorioa kontatzeko, Ajuriako fabrikan lan egindako pertsonen lekukotasunak ere grabatu genituen. 

Eskuminak film-laburreko kamerari izateak, berriz, esperientzia berezia dirudi.
Oso polita izan zen, neketsua baina errepikatzeko modukoa. Unibertsitateko azken proiektuan ere dokumental bat sortu genuen Maite Carriet ikaskideak eta biok, Donostiako Eskura Zentroarekin batera, giza-eskubideen aldeko dokumental pedagogikoa. Migranteen, aniztasun funtzionala dutenen eta etxerik gabeko pertsonen egoera nolakoa den erakusten duen dokumentala.

Zeuri zer gustatuko litzaizuke?
Ez dakit nire burua ikusten dudan master bat-edo ikasten. Bikoizketa egitea bai gustatuko litzaidake eta gero produktoraren batean-edo zerbait egin. Nagoen lekuan ere gustura nago, jarraitzeko aukera ematen badidate, ez diet ezetzik esango.

Beste zerbait nahiko zenuke gaineratu?
Bai, nahiz eta irratian azaltzen naizen, egiten dudana lanbide bat dela; hainbatek adarra jotzen didate kalean eta hori ez dut gustuko. Nik ez diot inori adarra jotzen lan egiten duen lekuarengatik.