Lehendakariak prentsaurrekoan iragarri duenez, honako neurriak sartuko dira indarrean bihar, uztailaren 23an:
- Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da trantsitua duten hiri-inguruneetan. Gainera, ostalaritzako eta jatetxeetako establezimenduetan nahitaez eta uneoro erabili behar da maskara, barrualdeetan zein terrazetan, salbuespen bakarra elikagaiak edo edariak hartzeko unea da.
- Gaueko 01: 00etara aurreratzen da merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera guztiak ixteko gehieneko ordutegia.
- Jarduera guztietan baimendutako gehieneko edukiera % 35era murriztu da lokal eta instalazio guztietarako, ostalaritzarako barne, dagoeneko kontratatuta dauden jardueretarako izan ezik; eta, gainera, murriztu egin da gizarte-, kultura- edo kirol-ekitaldietako gehieneko pertsona-kopurua (astelehenetik aurrera sartuko da indarrean edukiera muga berria).
- Kutsatze-kasu batek edo kontaktu estuek nahitaez lagundu behar dute kutsatzeen miaketan. Dekretuak konfinatzeko edo berrogeialdia egiteko betebeharra ere ezartzen du, agintarien eta osasun-zerbitzuen jarraibideak betez.
- Herritarrei, euren erantzukizunean oinarrituta, auto-limitazio boluntarioa eskatzen zaie, honako neurri hauek aplikatzeko: Gaueko ordu batetik seietarako mugigarritasuna mugatzea;
Taldea gehienez ere sei pertsonatara mugatzea.
Auto-konfinamendua eta auto-isolamendu pertsonala, lehen sintomak izan bezain laster; baita osasun-zerbitzuekiko komunikazioa ere.
Iñigo Urkulluk esplikatu duenez, gaur egungo egoeraren baitan, aztertu dituzte Delta aldaeraren presentzia %75etik gorakoa dela, haren infekzio gaitasuna handiagoa dela eta besteak beste, 30 urtetik beherakoen artean dagoen kutsatze-tasa altua.
Hori bai, Lehendakariak gaineratu du Bizi Berri planaren bigarren agertokitik pasatu garen arren, ospitaleetako egoera lehen agertokian dagoela.
Txertaketari dagokionez, Urkulluk jakitera eman du 16 urtetik gorako herritarren % 76k dosi bat hartuta dutela eta % 63k jarraibide osoa. " Dagoeneko 29 urtetik beherako pertsona guztien txertaketa hasi da", gaineratu du.