Zapatukoa egun berezia izango da Gune Music Collectivendako, jaialdiaren 10. urteurrena ospatuko baitute. Halako urteurren berezia ospatzeko kolektiboaren asmoa ekitaldi berezia antolatzea zen, baina Mikel Aparicio Gune Music-eko kideetako batek aitortu du ezin izan dutela ospakizuna eurek nahi moduan antolatu, besteak beste, herritik kanpoko DJak gonbidatuz: “Kosta egin zaigu baimena lortzea, baina konpondu gara Udalarekin, beraz, badago aurrera jarraitzeko aukera eta aprobetxatu egin dugu. Espero dugu jendeak ondo pasatzea, 10 urte ez dira egunero betetzen ”.
Soraluze ezagutarazten
2010ean sortu zuten Gune Music Collective, musika elektronikoko DJen topagune izan zedin, Apariciok esplikatu duenez: “Ikusten genuen DJ artean lehia handia zegoela eta horregatik sortu genuen Gune Music. Pozik gaude orain arteko emaitzarekin, uste dugu, ez bakarrik Gune Music, Soraluze ere mapan kokatu dugula. Izan ere, Gipuzkoatik kanpo, Soraluze hasi da ezagun egiten Nafarroan, Kantabrian eta Errioxan Gune Music jaialdia egiten hasi ginenetik. 10 urteren ondoren hemen jarraitzen badugu gauzak ondo egin ditugulako da”.
Bestalde, azken urtea pandemiak baldintzatutakoa izan arren, Gune Music-ek “espektatiba onak” ditu eta “egoera larria” izan arren, espero dute uda kostaldean bukatzea, musika lagun.