Aurten, bigarren aldiz egingo da bertso-jaialdia Santiago egunean herriko bertsozale talde batek antolatuta. Puntako lau bertsolarik kantatuko dute bertan: Egañak, Lujanbiok, Amurizak eta Arzallusek, Idoia Anzorandia gaijartzaile barakaldarrak gidatuko duen saioan.
Emanaldia Frontoiko karpan izango da, arratsaldeko 19:30ean hasita eta 100 entzule ingururendako lekua izango da bertan. Sarrerak aurrez erosi ahalko dira Iratxo goxodendan, 5 euroko prezioan, edota egunean bertan, sarrerako mahaitxoan.
Iaz antolatu zen lehen aldiz Santiago eguneko bertso jaialdia, pandemiak bertan behera lagatako jaien ordezko egitarauaren barruan. Aurretik, urte askoan ez zen bertsolaririk izan jaietan eta egoera berezi honetan, antolatzaileek aukera egokia ikusi dute herriko jaietan bertso-saioa entzuteko ohitura indartzeko.