800 sinadura pasa batu dituzte autobus zerbitzua hobetu dezaten eskatzeko

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 21a, 15:47

Donostiarako autobus zerbitzua hobetzearen aldeko 800 sinadura pasa batu dituzte. Atzo, martitzena, alkateari entregatu zizkioten, eskaera-gutun batek lagunduta. Orain, alkateak sinadurak zein eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailera bideratuko ditu. Marimar Dezak, ekimenaren bultzatzaileak eskerrak eman nahi dizkie eskaera babestu duten herritar guztiei.

Honako idatzi eta eskaera hauek helaraziko dizkio Iker Aldazabal alkateak Diputazioari:

"Joan den uztailaren 8an, Soraluzetik Donostiarako autobus-garraio publikoaren arazoari irtenbidea emateko sinadurak batzen hasi ginen.

Bilketa hori astelehenean, hilaren 5ean izandako zerbitzurik ezaren ondorioz aktibatu zen; baina arazo bera lehenago ere gertatu izan da.

Alkatetzak, berehala, hainbat gestio egin zituen eta horren ondoren, autobusean lekua bermatzeko irtenbide moduan ezarri zen aldez aurretik telefono-deia egitea Lurraldebus-Pesako 900300340 telefonoa.

Hainbat pertsonak telefono bidezko zerbitzua erabili dutenean, honako hau egiaztatu da:

  • Ez da erreserba egiten bere horretan, eta, beraz, ez da bermatzen
    lekurik.
  • Antza denez, telefono deiak baliatuta, datu-bilketa egiten ari dira, ez dakigu oso ondo zertarako.
  • Autobuseko txoferrari ez zaio inolako informaziorik eman jakinarazteko Soraluzen autobus-erabiltzaileak zain zeudela.
  • Gidariaren esanetan, erreserbek ez dute baliorik inprimatuta ez badira eramaten.


Ikusita irtenbide horrek ez duela funtzionatzen eta, beraz, ez duela arazoa konpontzen, batutako sinadurak alkateari aurkezten dizkiogu, honako eskaerekin:

  • Lehenik eta behin, zerbitzua bermatuko duen behin betiko konponbidea emateko beharra.
  • Bigarrenik, gaur egungo Soraluzeko zerbitzua handitzea edo hobetzea maiztasunari dagokionez (adibidez, gaur egun, goizetan oso maiztasun txikia du)".