Soraluzen dagoen hizkuntza eta kultura aniztasuna bistaratu eta balioan jarri nahi da Munduko Arrozak kulturarteko topaketaren bitartez. Errezeta mota askorekin prestatutako arrozak izango dira horretarako “aitzakia”.
Kanpotik etorri eta orain Soraluzen bizi diren hainbat herritarrek dagoeneko eman dute izena ekimenean parte hartzeko eta uztailaren 24an, 10:00etan elkartuko dira Zubi Nagusian, norbere estilora eta erara arrozak prestatzen hasteko. Asmoa da 11:00etarako guztia gertu izatea eta hartara, zubira bertaratzen diren herritarrek aukera izango dute nahi duten beste arroz eskuratu eta dastatzeko, prezio sinboliko baten truke.
Tailerrak, tatuajeak eta musika
Goiza borobiltzeko, umeendako tailerrak izango dira eta munduko musika jarriko dute. Gainera, hennako tatuajeak egiten arituko dira. Horrez gain, Bidelagunak proiektuko kideak amantalak josten ari dira egunotan, Munduko Arrozen egunean parte hartzen duten sukaldariei oparitzeko.
Munduko Arrozak ekimenean parte hartzeko izen-emate epea bukatuta dago, baina norbaitek bertan parte hartzeko interesa badu, oraindik ere badu aukera. Honako telefono zenbaki honetara deituta eman daiteke izena: 609287739.
Antolatzaileak, berriz, dira Soraluzeko Udala, Pil-pilean Euskaltzaleen Topagunea, Auzoko, Bidelagunak eta HHI-EPA.