Euskadiko Odol Emaileen elkartetik jakinarazi dutenez, udan, odol-emateak ia %50 egin du behera, ez horrela, odol beharrak. Hori dela-eta, eskaera berezia egin diete, baita soraluzetarrei ere, datorren barikuan odola ematera joan daitezen.
Besteak beste, jakinarazi dute txertoa hartuta izan arren ere eman daitekeela odola.
Hurrengoa irailean
Gogoan izan, pandemia dela-eta, segurtasuna bermatzeko, bariku goizean hartu behar dela txanda arratsaldean odola ematera joateko. Honako telefono zenbakira deitu behar da: 943 00 78 84, 08:30etik 13:30era bitartean. Arratsaldean, berriz, 16:30etik 20:30ak bitartean egongo dira odola ateratzen.
Odol ateratzeak egiteko hurrengo hitzordua irailean izango da.
18-65 urte bitartekoek
Odola 18-65 urtera bitarteko edozein pertsonak eman dezake. Hori bai, 50 kilo baino gehiago pisatu behar du eta ez da komeni odola ematea hurrengo 24 orduetan ibilgailu handiak gidatu behar izanez gero edo lan edo kirol arriskutsuak egin behar izanez gero. Urtean, gizonek 4 aldiz eman dezakete odola eta emakumeek, berriz, 3 aldiz.