Gaur, eguena, argitaratu du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak LABI instituzionalaren dekretu berria eta gauerdian sartuko da indarrean.
Bertan adierazitakoaren arabera, gauerditik goizaldeko seiak arte, ezingo dira elkartu bizikideak ez diren pertsona-multzoak honako lekuetan: “Parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan, ez eta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere. Edonola ere, espazio horiek erabil daitezke pertsonak igarotzeko eta erabilera profesional edo ekonomikoetarako”.
Gaineratutakoaren arabera, “Udalei eta, hala badagokio, administrazio eskudunei dagokie gune horiek antolatzea”.
Horrekin batera, honakoa ere ezartzen du: “Indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta -neurriak aplikatzen ez diren pertsonen pilaketa dakarten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan –ez kanpoan, ez barruan– parte ez hartzeko betebeharra”.
Azkenik, dekretu berean maskaren erabilera handitzeko eskatzen da “transmisio birikoa mugatzen laguntzen duen tresna profilaktiko nagusi baitira”.