Gorabeherak izan dira autobus txartela bermatzeko telefono zerbitzuarekin

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 15a, 14:47

Donostiarako eta Zarautzerako autobusean lekua bermatzeko eskainitako telefono zerbitzua erabili duten hainbat herritar ez daude konforme harekin. Plaentxia.eus-eko erredakziora helarazitako kexuen arabera, telefonoz deitu arren, herritar bati bai, baina beste lauri ez diete ziurtatu lekua autobusean. 

Aste honetan, Donostiara autobusean joateko 900 300 340 telefono zenbakira deitu duten lau herritarrek jakinarazi dutenez, enpresaren telefono zerbitzura deitu arren, ez diete bermatu autobusean txartela izango dutenik. Beste bati, berriz, bai. 

Herritarren esperientziak

J.U. herritarrak kontatu du, adibidez, telefonora deitu eta izena eta mugikor zenbakia eskatu zizkiotela. Baina hala ere, esan zioten ez ziotela txartela bermatzen, baizik eta azterketa bat egiten ari direla. Horrez aparte, esan zioten autobusa beteta baldin badator igual ez dela Plazentzian geldituko.

M.N.Z. herritarrak kontatu du, berriz, berari ere izen-abizenak eta telefono zenbakia eskatu zizkiotela baina txartela erreserbatzerako orduan ez zuela arazorik izan. Hori bai, autobusaren gidariari erreserbaren berri eman zionean, hark ez zekien ezer. Eta gidariak esan zion autobus txartela bakarrik bermatzen dela berau inprimatuta eramanez gero.

U.M. herritarrak, berriz, telefono zenbakira deitu eta esan diote telefono deia egin behar izatearen arrazoia dela eurek jakiteko zenbat jende izango den autobus zerbitzua hartzeko. Gaineratu diote autobus horretan lehentasuna izango dutela txartela inprimatuta eramaten dutenek zein telefonoz deitzen dutenek, biek berdin. Edozein modutan, esan dioten hori oraindik ez du autobusean bertan konprobatu. 

Ikusten denez, bada, aste honetan, behintzat, telefono zerbitzua abiarazi duten lehen egun hauetan, denetariko erantzunak jaso dituzte garraio publikoaren hainbat erabiltzailek.

Makinaren alde

Horrez aparte, beste bi herritarrek ere helarazi dute telefono zerbitzuarekiko iritzia erredakzio bulegora, kasu honetan, esateko inondik inora ez daudela ados telefonoz deitzen ibili behar horrekin. 

A.G. herritarrak zera adierazi du: "Sinestezina da Debabarreneko autobus zerbitzu bat hartzeko aldez aurretik edo telefonoz txanda hartu beharra".

M.P. herritarrak, berriz, esan du ez dagoela “ados” txartela bermatzeko emandako “irtenbidearekin”: “Ezin dute ipini txartel makina bat beste herri batzuetan moduan? Mesedez, abandonatuta gaituzte”. 

Hirugarren batek, berriz, kontatu du garraio publikoko linea askotako autobusek ez dutela gurpildun aulkietan dabiltzanak autobusetara igo ahal izateko plataformarik eta horren ondorioz, taxia erabili behar izaten duela.