ELKARRIZKETA

Imanol Sancha Llamas, AKA Sancha: "Musikarekiko eta musika sortzeko pasio handia daukat"

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 14a, 11:43

Etxetik lanean ari dela hartu du Pil-pileanen deia Imanol Sancha Llamasek (Soraluze, 1988), Buenos Airesen. Diseinatzailea da eta Service Design lanak egiten ditu, zerbitzuen diseinuak. Hango akademia baterako dihardu lanean, baina aldi berean, musikari ere badihardu eta lehen EPa argitaratu du. Argazkiak: Imanol Sancha eta Martin Thompson.

Zelako EPa argitaratu duzu?

Musika techno-melodikoa egiten dut. Bi kantu ditu EPak, Kemena eta Alur (Amalurretik dator azken horren izena), eta Ingalaterrako diskoetxe batekin argitaratu dut. Entzungai dago plataforma digitaletan, Spotifyn eta abar.

Zelan animatu zara?

"DJ baten gainbalioa da bere musika ere ipini ahal izatea edo beste norbaitek bere musika pintxatzea"

Beti gustatu izan zait musika, gurasoei esker. Umetan musika eskolara apuntatu ninduten eta tronpeta eta gitarra ikasi nituen. Soraluzen taldea ere bagenuen, Junzai Txetxera, Gotzonekin, Ikerrekin eta Mikelekin. Musikarekiko eta musika sortzeko pasio handia daukat. Buenos Airesko musika eskolan, goi mailako ikasketak egiteko aukera dago eta Musika Elektronikoaren Produkzioa ikasi dut, lau urteko ikasketak. Produkziorako behar den guztia ikasi dut, zerotik abesti bat egiteraino, DJ lanbidea ikasteraino: biniloak nahasten, softwarea, zuzenekoak sortzen… Nahasten ondo hikasi nahi nuen, produkzio propioak egiteko. DJ baten gainbalioa da bere musika ere ipini ahal izatea edo beste norbaitek bere musika pintxatzea.

Erraza da EP bat ateratzea?

Abesti elektronikoak bukatzea da zailena. Mordoa nituen, baina ez nituen bukatzen. Musika eskolako irakasle batek lagundu dit, mentore dut. Hari esker, beste bi abesti ere bukatu ditut eta Ukrainako diskoetxe batean onartu dizkidate. Azaroan publikatuko dituzte. Beste bost abesti ere bukatzen nabil, horiek ere bidaliko ditut diskoetxeetara. Zenbat denbora batetik bestera. Musika elektronikoaren mundua horrela da. Orain pintxatzen ari diren kantu bat askoz ere lehenago bukatutakoa da. Zigiluek kantuak ateratzeko programatutako egutegia dute.

Etorkizuna musikatik nahiko zenuke?

Orain nire hobbie printzipala da. Hobeto pasatzen dut kantuak edo musikarekin lotutako jarduerak egiten nire lanbidekoak egiten baino. Uste dut baietz, baina noizbait erabaki hori hartu behar badut, kostatu egingo zait. Musika barik ez litzaidake gustatuko aurrera egitea. Ez dakit, musika eta nire lanbidea biak batera edo zelan.

Hori non egingo duzu, Argentinan, edo bueltatu egingo zara?

"Gogorra da maite duzun jendearengandik urrun egotea"

Gurasoei eta lagunei beti esaten diet: Hurrengo urtean. Baina oraingoan argi daukat hemengo nire zikloa bukatzen dabilela. Ezagutzen dudan beste jende asko ere ari da zikloz aldatzen… Familia faltan botatzen dut, 2015etik bizi naiz hemen eta gutxi ikusi ditut, igartzen dut familiarengandik gertu egon nahi dudala. Gainera, kanpoan egonda, bi senideren galerak tokatu zaizkit, aitonarena eta amonarena; gogorra da maite duzun jendearengandik urrun egotea.

Zerk lotzen zaitu horra?

Hau ekonomikoki desastre hutsa da, baina nire soldatarekin Buenos Aires erdian bizi naiteke. Han hori oso zaila da. Hala ere, urtebete edo bi urte barru, sikiera Europara bueltatzeko esperantza dut.

Argentinan ondo?

"Hemen ezagutzen duzun edozeinek du euskal abizenen edo euskal arbasoren bat"

Ia etxean moduan. Hemen ezagutzen duzun edozeinek du euskal abizenen edo euskal arbasoren bat, hangoa zarela jakiten dutenean, oso ondo hartzen zaituzte. Adibidez, urtero euskal etxe guztiak elkartu eta Euskal Herriaren eguna egiten dute. Ikusgarria da, benetan. Han egongo bazina moduan sentitu zaitezke. Besterik nahi baduzu gaineratu… Musika elektronikoarekin pentsatzen duen edozeinek mundu iluna irudikatzen du, drogez beteta… Ez da horrela. Hemen ya beste begirada batekin ikusten da. Estereotipo horiekin apurtzea nahiko nuke