Musika Eskolak etapa berria abiatu du

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 13a, 09:17

Talde eragileko eta zuzentzaritzako partaideak batzarraren ostean.

Ekainaren 28an Soraluzeko Musika Eskolak ezohiko batzar orokorra egin zuen Antzokian. Batzarrean, datozen lau urteetan matrikulazioen jeitsierari buelta ematea helburu duen plan estrategikoa onartu eta berau gidatuko duen zuzendaria ere aukeratu zuten: Domentx Uzin.

Azken bost urteotan eskolan matrikulatzen zen ikasle kopurua behera egiten ari zela ikusita, 2020an zuzendaritzak hausnarketa prozesu bat abiatzea erabaki zuen “eskolaren etorkizuna ziurtatzeko” helburuz. Hori dela eta, azken hilabeteotan, irakasle, guraso eta ikaslez osatu den talde-eragile batek epe ertainean eskolak landu beharreko ildoak proposatu ditu, eta beste irakasle eta guraso batzuen ekarpenak jaso ostean, urtez urteko helburu eta ekintzak jasotzen dituen lau urterako plan estrategikoa osatu eta onartu dute.

Matrikulazioak handitzea helburu

Planaren helburu orokorra da 2025era bitartean matrikulazioaren beheranzko joerari buelta eman eta “goranzko tendentzia” lortzea, eta helburu horretara heltzeko lau lan-ardatz nagusi planteatzen dituzte: irisgarritasun ekonomikoa, zailtasun ekonomikoak dituzten herritarrei eskolarako sarbidea errazteko neurriak hartuz; matrikulazioaren dibertsifikazioa, hartzaile talde berriak erakarriz (jubilatuak, jatorri anitzeko herritarrak…) edota eskaintza musikala berrituz; eta musika eskola herrira irekiz, herriko musika taldeei entsaiatzeko espazioak eskainiz, txaranga indartuz edota urteko musika ekitaldiak bultzatuz (jaietako kantaldia, inauteriak, dantza-taldea…). Ardatz horiekin batera, txostenak nabarmentzen du musika eskolak “Soraluzeko herritar guztien musika jakintza bermatzeko lan egingo du”-ela eta zeregin horri begira, beharrezkotzat jotzen du “herriko eragile desberdinekin elkarlana sustatzea”.

Zuzendaritza berria

Bigarren puntu garrantzitsua zuzendari berriaren aukeraketa izan zen. 4 urtean behin berritzen da Zuzendari kargua eta Nagore Sanzen ekinaldia amaituta, kargua uzteko borondatea azaldu ondoren eta inork hautagaitzarik aurkeztu ez zuenez, azken urteetan Irakasleen Ordezkari gisa jardun duen Domentx Uzini proposatu zioten ardura hori hartzea eta lan talde berria eratzea.

Hortaz, Domentx Uzin izango da zuzendari berria eta berarekin batera, Nagore Sanzek jarraituko du idazkari lanetan eta Arhats Rekondo irakasleak komunikazio arduradun moduan. Irakasleez gain, beste bost guraso edo bazkide ere izango dira zuzendaritzan. Lorea de Castro izango da lehendakaria, Ane Ugalde diruzaina eta Unai Ugarte eta Maialen Oregi bokalak eta udaletxeko ordezkaria, berriz, Veronica Galarraga izango da.