Eraso matxistarik eta sexistarik gabeko uda bultzatzeko kanpaina

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 9a, 11:40

Soraluzeko Udalak bat egin du Emakundek udan gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko bultzatutako Beldur Barik kanpainarekin.

Eraso sexista eta matxista gabeko uda izenburua duen kanpainaren helburua da udan errespetuan, berdintasunean eta autonomian oinarritutako jarduerak bultzatzea.

Patricia Borinaga Udaleko Berdintasun Saileko arduradunak azaldu duenez, "helburua da gazteen artean jarrera aktiboa sustatzea, emakumeak errespetatzen ez dituen edozein adierazpen fisikoren edo ahozko adierazpenen aurka. Askotan, matxismoaren atzean dauden jarrerak oso barneratuta daude gizartean, eta egoera batzuetan zaila da horiek identifikatzea eta aurre egitea. Errespetuan eta berdintasunean oinarritutako kanpaina honen helburua sexismoa identifikatzea eta horri aurre egiteko eta gainditzeko tresnak eskaintzea da".

Kanpainak hainbat material ditu gazteekin indarkeria matxistaren eta sexistaren gaineko prebentzioa lantzeko. Material horiek Udalaren webgunean eta esteka honetan kontsultatu ahal izango dira. https://www.beldurbarik.eus/eu/eraso-matxista-eta-sexistarik-gabeko-uda/.