“Pandemia aurreko momentuak berpiztea modukoa izan da EHZ festibalean egotea” Joseba Mendizabal

Erredakzioa 2021ko uzt. 7a, 10:23

Joseba Mendizabal plazentziatarra EHZ festibalean izan da Plaentxia.eus-ek zozkatu zuen sarrerarekin eta handik festibalak iraun duen hiru egunetan zehar bizi izan duenaren kronika laburra bidali du. Laburbilduz, “oso gustura” ibili da eta “aspaldi bizitako momentuak berpiztea bezala izan da”.

Festibalera heldu bezain pronto izan dugu aukera iparraldeko euskara polita entzuteko, hasieran pixkat kosta zaigu ulertzea, baina segituan ohitu gara. Traste denak batu, kanpina montatu eta lehen bueltatxoa ematera joan gara festibaleko gunean zehar.

Lukiek taldearen kontzertuaz gozatu dugu. Programatuta zegoen Nogen taldearen ordez etorri dira eta asko eskertu dugu, martxosoagoa zelako.  

Harrigarria da nola gauden hainbeste pertsona elkarrengandik gertu, maskarilla gabe denok. Festibalera sartzeko PCR negatiboa eskatu digute baina, hala ere, arraro egiten da jendea maskararik barik ikustea.

Egun neketsua izan da eta goiz erretiratu gara. Beste askok gau osoa parrandan pasatu dute eta goizean goiz esnatu gaituzte euren kantuekin.

Zapatua

Zapatua egun polita izan da, ekitaldirik, kontzerturik eta parrandarik onena. Jende askorekin juntatu ginen, lagun asko egin genituen eta juerga luze luzea bota dugu, egun osokoa ia geratu barik.

Zea Mayz eta Anestesiaren kontzertuak entzun ditugu eta Tio Teronen semeen dantza emanaldia ikusi dugu, eta zelan ez Andoni Ollokiegiren errepertorio akabaezina.

Domeka

Erretirada eguna, gosaldu, indarrak ahal den moduan batu, kotxean dena sartu eta etxerantz. Hori bai, aurretik Pirritx Porrotx eta Marimototxen ikuskizunarekin barre egin eta Rukularen kontzertuan dantzan dena eman eta gero.

Orokorrean oso gustura egon gara EHZn eta aspaldi bizitako momentuak berpiztea modukoa izan da. Datorren urtean, posible bada, EHZ festibalean izango gara, zalantzarik barik.

Lehen argazkian: Joseba Mendizabal eta Intza Larrañaga bikotea (zapiduna) EHZ festibalean, Azpeitiko lagun batzuekin.