Gaur, astelehena, Osakidetzak argitaratutako datuen arabera, COVID-19 koronabirusa detektatzeko probetan, barikuan atzeman zituzten positibo gehienak: 24. Beste 4 atzeman zituzten, berriz, zapatuan eta gainerako 9ak, domekan.
Hori horrela, gaur gaurkoz, herriko intzidentzia-tasa metatua 931,05ekoa da. Edozelan ere, baliteke aurrerago positibo gehiago azaltzea. Izan ere, antigeno probak egin zizkieten hainbat laguni, azken orduotan PCR probak egiten ari zaizkie, ikusita sintomak garatzen hasita zeudela. Beraz, datozen egunotan joango dira datuok eguneratzen.
Berehala konfinatuta
Hori bai, ikas-bidaian izan ziren gazteetako hainbaten gurasoek azpimarratu nahi izan dute herrira iritsi (18:30ean) eta ordubetera dagoeneko bazekitela ikaskide batek positibo eman zuela eta horri esker, ikasleak berehala konfinatu zirela: “Nire semea, behintzat, herrira iritsi, maletak hartu eta etxera etorri ginen. Asko jota, ordu laurden egin zuen herrian, ez gehiago. Nik uste dut gazte gehienak, guztiak ez esatearren, etxera joan zirela arratsalde horretan”.
Bestalde, Plaentxia.eus atariak jakin ahal izan duenez, kutsatuetako batzuei behintzat, Delta aldaera dutela jakinarazi diete.