Soraluzeko DBHko 4. mailako eta batxilerra egiten ari diren lehen mailako 55 ikasle izan dira ikas-bidaian. Guztiak izan dira Saloun, baina talde bakoitzak bere hotela izan du, baita jarduera propioak ere. Edozelan ere, autobusean elkarrekin bueltatu ziren eta ikasleetako batek positibo eman ondoren, guztiak konfinatu eta guztiei egiten ari zaizkie probak, gaur goizean, barikua.
Plaentxia.eus atariak orain arte eskuratutako datuen arabera, 19 ikaslek eman dute positibo, DBHko 10ek eta batxilerreko 9k. Edozelan ere, oraindik ez dituzte emaitza guztiak jaso, beraz, datu horiek behin-behinekoak dira. Hori bai, ikasle guztiak daude konfinatuta, positibo eman dutenen kontaktu zuzenak izan direlako. Datorren barikuan eta domekan egingo dizkiete bigarren probak.
Nafarroan, baheketa masiboa
Soraluzeko ikasleak ez dira egoera horretan dauden bakarrak. EITBk jakinarazi duenez, Osasunbideak, Nafarroako osasun publikoak, iragarri du baheketa masiboa egingo dietela Saloun egon diren gazte guztiei. Osakidetzak, berriz, oraingoz, ez du halakorik iragarri eta COVID-19ari dagozkion gaurko datuetan Soraluzek zeroan segitzen du, izan ere, gaurko positiboak bihar azalduko dira.
Bien bitartean, bestelako komunikabideen arabera, Salouko alkateak ukatu egin du hiri hartan COVID-19aren agerraldirik izasn denik.