Debabarrena suspertzeko proposamena, Legebiltzarrean

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 2a, 12:04
Mendiola industrialdea.

Debabarrena eskualdea suspertzeko foroa sortu nahi dute EAJk eta PSE-EEk eta horretarako legez besteko proposamena aurkeztu dute Legebiltzarrean. Bi talde politikoen ustez, “eskualdeko adierazle ekonomikoak suspertzeko jarduera espezifikoak” behar dira Debabarrenean. Irailean tramitatuko dute foroa sortzeko ponentzia.

“Azkenaldian, testuinguru ekonomikoak eta, batez ere, egoera soziosanitarioak eragindako zailtasunek arriskuan jarri dute inguruko industria-ehuna eta enpresa-proiektu berrien garapena, bai eta lanpostu berrien sorrera ere”.

COVID-19ak eragindako krisiaren ondoren kokatzen duten analisi hori abiapuntu, egoeraren eta eskualdearen beharren inguruan “hausnarketa sakona” bultzatu nahi dute Euzko Abertzalea eta Euskal Sozialistak talde-parlamentarioek, horretarako berariazko foro bat sortuz.

Helburua da foro horretan hainbat erakundek parte hartzea, Jaurlaritzak, Gipuzkoako eta Bizkaiko diputazioek eta Soraluzeko, Eibarko, Elgoibarko, Mendaroko, Debako, Mutrikuko, Mallabiako eta Ermuko udalek. Eta baita bestelako eragileek ere, sindikalistek, enpresariek, ekonomialariek eta besteak beste, Irune Berasaluze jeltzaleak eta Eneko Andueza bozeramale sozialistak. 

Foro horren eraketa hurrengo bilkura-aldian onartuko da (irailean) eta haren funtzionamenduak ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Oarsoaldeko eskualdeetan eta Aiarako eskualdean eta Urduña, Orozko, Arrankudiaga eta Arakaldo udalerrietan zentratutako ponentzien adibideari jarraituko dio.