elkarrizketa

"Haginek eragin handia dute garezurraren hazkuntzan” Eider Unamuno

Ubane Madera Zangitu 2021ko uzt. 2a, 08:00

Eider Unamuno argitaratu duen liburua eskutan: 'Cuida los dientes de tu hijo'.

Eider Unamuno Gandiagak (Soraluze, 1979) Cuida los dientes de tu hijo haginen zaintzari buruzko liburua argitaratu berri du maiatzean, La dentista inconformista izengoitiarekin. Lehen edizioak harrera bikaina izan du eta dagoeneko bigarren edizioa ere kalean da. Laster, Hego Ameriketan ere argitaratuko dute.

Liburua edozein liburu-dendatan edo Interneten eskura daiteke. Baita herrian bertan ere, Iratxo goxodendan. 

Asko harritu nau jakiteak, liburuan diozun moduan, ahoak garezurraren garapenean eragiten duela.  

Bai. Goiko haginak goiko masail-hezurrean daude eta hezur hori garezurraren parte da. Ondorioz, haginek eragin handia dute garezurraren hazkuntzan, beraren parte direlako; masail-hezurra ondo ala gaizki hazi, asko edo gutxi, edo zein norabidetan... 

Jendeak badaki hori?

Ez, ezta dentista askok ere. Neuk ere berandu jakin nuen. Jakitean, asko indartu nintzen mezu hori zabaltzeko. Konturatu nintzen oso garrantzitsua dela horren berri ematea, haginak konpon daitezke beranduago, baina garezurra ez.

Liburuan diozu haginei ez diegula behar besteko garrantzirik ematen.  

Batez ere esnezko haginei, jausiko direlako-edo. Liburuan diodan moduan, partida baten, adibidez, lehen ekipoan ateratzen diren jokalari horiek dira esnezko haginak. Partida batean ez dira jokalari onenak bankilloan lagatzen. Hasieratik zoaz dituzun onenekin. Hor iada partida bideratuta lagako duzu. Haginekin berdina da. Esnezko haginak daude umea hazten doanean; pertsonaren hazkuntzarik handiena orduantxe gertatuko da. Beraz, hazkuntza hori ondo ala gaizki egingo den esnezko haginen egoerak ere determinatuko du. Adibidez, esnezko hagin batean kariesa badago, ba akaso gauza gogorrak jateari lagako diogu edo alde batetik bakarrik mastekatuko dugu… eta horrek bere ondorioak ekarriko ditu. Edo beste adibide bat: esnezko hagin batengatik 50 euro ez ordaintzearren, bukatu ahal duzu 3.000 euro ordaintzen geroko ortodontziarekin. Guk, osasun langileok ere falta dugu prebentzioarekiko kultura. Osasuntsu mantendu behar dugu. Hori da helburua.

Mastekatzea esan duzu. Liburuan garrantzia berezia ematen diozu mastekatzeari. Zergatik?

Ahoa hazten da berarekin egiten dugun gimnasiaren arabera. Askok uste dute geneek determinatuko dutela zelako aho mota izango dugun eta guk ia ez dugula eragiterik horretan. Ez da horrela. Aho batek gimnasia asko egiten badu garatuta haziko da. Zein gimnasia? Bada titia hartu, jateko gogorrak (osoak) jan… Oso garrantzitsua da jakitea guk ere badugula zer egina ahoa ondo haz dadin.

Zeri eragin diezaioke mastekatzeak? 

Ahoa da sistema digestiborako atea. Ahoa ez bada jakiak ondo txikitzeko gai, adibidez, urdailak lan handiagoa egin beharko du eta sor daitezke haizeak, tripako minak… Horrez gain, masailezurra mugitzeko erabiltzen diren muskulu asko garezurrera doaz, lepo aldera, klabikulara… Muskulu horiek lan larregi egiten badute edo batek besteak baino gehiago, beste edozein muskulu moduan, horiek ere mindu egingo dira eta horrek esan nahi du izango ditugula buruko-minak, lepokoak, sorbaldakoak, izterrekoak… Kirolean moduan. Baina kirola egiteari laga egin ahal zaio eta jateari ez. Eta hori egiteko makinak ez badu ondo funtzionatzen, igerri egiten da.  

Umeen haginetan zentratzen zara. Helduaroan ez dago atzera bueltarik ala?

Prebentzioa lantzeko ume txiki-txikietan hasi beharra dago. Helduekin dagoen marjina txikiagoa da, baina beti dago marjina.

Nahiko bazenu beste zerbait gaineratzea…

Liburu honekin erakutsi nahi izan dut osasuna ulertzeko beste modu bat dagoela. Nire jakintza esparrua haginena da, hortaz, hortik jardun dut. Baina uste dut gaixotasuna sendatzen duen medikuntza bat baino, osasuntsu mantenduko gaituen medikuntza batera joan behar dugula. Ni horretan saiatzen naiz. Pandemiatik dator, adibidez, liburua. Oso kontziente naiz oso jende gutxik dakiela nik kontatu nahi dudan mezua.