Jaien partez kultur eta kirol ekitaldiak aurten ere

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 1a, 08:25
Amak taldearen emanaldia, iazko uztailean. Argazkia: Fernan Oregi.

Aurten jairik ez egitea erabaki du Udaleko jai batzordeak, baina osasun neurriak arintzen dihardutela ikusita, egun horietan iaz baino kultur ekitaldi gehiago antolatuko dituzte. (Ikus egitaraua barruan) 

Ekainaren 15ean batu zen jai-batzordea eta, gaur gaurkoz, jaiak normaltasunez egiteko baldintzarik aurreikusten ez denez, aurten ere ofizialki herriko jairik ez egitea erabaki zuten bertan herriko hainbat eragilek eta Udalak. Hori bai, uztailean zehar, kirol- eta kultur-ekitaldi mordoxka antolatuko dituzte, beti ere, egunez. 

Egitaraua: kirola, musika, dantza, bertsoa…

Kirol ekitaldiei dagokienez, aipagarriak dira ondorengo hauek: Errugby Eguna (uztailaren 17an), Urban Highline (18an) eta Skate Eguna (24an). Frontenis txapelketa udazkenera atzeratu dute.

Kultur emanaldiei dagokienez, berriz, ondorengo hauek: Galtzagorriek antolatutako kontzertua (23an); Munduko Arrozak jaialdi gastronomikoa, Demode Quartet-en Epa txiki izeneko emanaldia, Galtxagorri txaranga eta Gune Musik-ek antolatuko duen DJ Jaia (24an); txistularien kalejira, Voces Navarras jota taldea eta bertso jaialdia (25ean); eta gaiteroen kalejira, dantza-jauzien saio irekia eta Korrontzi taldearen kontzertua (26an).   

Ekitaldi bat udazkenera

Udalak erabaki du uztailaren 17rako programatuta zegoen Euskal Danbolinaren aroak txistu ikuskizuna udazkenera atzeratzea. Izan ere, uda giroa heltzearekin batera, jeitsi egin da Antzokian egiten diren ekitaldietara joaten den ikusle kopurua. Hortaz, erabaki dute udazkenera atzeratzea, barruko ekitaldiak antolatzeko garai egokiagoa izan daitekeelakoan.