Dolmenen Ibilbideko lehen bisita domekan

Ubane Madera 2021ko eka. 30a, 10:49
2019an, bisita gidatua Arribiribilletako zutarriaren bueltan.

Domeka honetan egingo dute denboraldiko lehen bisita Dolmenen Ibilbidean. Udalak jakinarazi du bisitariendako picnic mahai gehiago ipiniko dituztela Karakateko begiratokiaren azpian.

Domekan, uztailaren 4an hasiko dira aurtengo Dolmenen Ibilbiderako bisita gidatuak eta urriaren 16ra bitartean zazpi bisita gidatu egingo dituzte: Uztailak 4 (euskaraz), uztailak 18 (gaztelaniaz), abuztuak 1 (euskaraz), abuztuak 18 (gaztelaniaz), irailak 5 (gaztelaniaz), urriak 3 (euskaraz) eta urriak 16 (gaztelaniaz). 

Ohi denez, bisita gidatuak Karakateko aparkalekutik abiatuko dira, 10:00etan eta lau ordu inguruko ibilbidea egingo dute, gidariak lagunduta. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da 657 794 677 telefonoan edo info@begibistan-com helbidean.

Aurten, bi berritasun izango dira. Batetik, bisitak ez dira debaldekoak izango; helduek 5 euro ordaindu beharko dituzte eta 12 urtetik beherakoek 3 euro. Bergaran, Elgoibarren edo Soraluzen bizi direnek, berriz, prezio erdia ordaindu beharko dute. 

Sei picnic mahai

Bestetik, ibilbidea amaitutakoan, Karakaten bertan mokadutxo bat egin edo bazkaldu nahi dutenendako, picnic mahaiak ipiniko dituzte. "Ikusi da han behean (begiratokiaren azpian) dagoen mahai bakarra gutxitxo dela eta erabaki dugu gehiago ipintzea, jendeak Dolmenen Ibilaldia edo bestelako ibilaldiren bat egin ostean, tokiren bat izan dezan jateko edo egoteko", esplikatu du Iker Aldazabal alkateak. Hain zuzen, Arranaitz-Arrondo udal lursailean ipiniko dituzte beste sei mahai, aurretik bertan ipinita dagoenaren modukoak, egurrezkoak.