Gabolats kalean dago Auto-servicio Amparo. Bi ugazaba ditu, Amparo eta Txaro Fernandez. Azken horrek 46 urte daramatza dendan lanean. Eta erabaki du baduela atsedenerako unea. Hori dela eta, saltokia salgai jarri dute.
Alokairuarekiko interesa
"Ez dugu presarik, baina bihar bertan norbait etorriko balitz denda erosteko prest, bihar bertan salduko genioke. Etorri da jendea galdezka, baina saltokia alokairuan hartzeko. Etorri direnek ez zuten dirurik saltokia erosteko. Baina guk uste dugu saltokia errentan hartzea dirua botatzea dela. Dirua guri eman beharrean, banketxeari ematen badiote, halako batean, denda eurena izango da", esan dute.
"Ez dugu denda ixterik nahi"
Saltokiaren egoera ona dela azpimarratu dute bi ahizpek: "Fatxada eta teilatua egin berri ditu, IAT pasatuta du eta urtean 34 euro bakarrik ordaintzen dugu komunitatea. Dendan denetik dugu: drogeria, ogia, enbutidoak, izoztutako produktuak… Denda indartsu dago. Saldu egin nahi dugu erretiratu egin nahi dugulako, baina ez dugu denda ixterik nahi, uste dugulako herrian beharra dagoela. Ezin badugu saldu, alokatu egingo dugu".
Kontaktua: 943 75 13 38.
"Dendan beti dago jendea"
Txarok zein Amparok, biek uste dute aukera ona dela saltokia.
Zeini interesa dakioke?
Gazteei seguro. Lan atsegina da. Ez duzu titulurik behar eta ez da aparteko jakintzarik behar, lan egin eta atsegina izan bezeroekin, besterik ez.
Negozioa segurua da?
Negozioa martxan dago eta auto-pagatu egiten da. Hau da, mailegua ordaintzeko zein bi soldata ordaintzeko beste ematen du. Lanean hasten zaren lehen egunetik dauzkazu irabaziak eta bezero fidelak ditu. Denda honetan beti dago jendea. Hori bai, dendan bi lagun behar dira, hori argi izan behar da. Pertsona bakarrak ezin du.
Baina zenbat orduko lana egiten duzue?
8 ordu egunean, zapatuetan bost. Gainera, etxera ez dugu lanik eramaten; egin beharreko guztia dendaren ordutegian egiten dugu.