Pello Mari Otaño bertsolariaren bizitza jasoko duen filma da Ombuaren itzala. Eguzki Art Zinema ekoizpen etxearen egitasmoa da eta auzolanean egin nahi dute pelikula. Urriaren 8an, bertsolariaren jaioterrian, Zizurkilen, aurkeztu zuten proiektua eta ordutik herriz-herri dihardu azalpenak ematen Patxi Biskert, ekimenaren bultzatzaileak.
Filma gauzatu ahal izateko diru-bilketa egingo dute datozen hilabeteetan. Ekarpena egiteko moduetako bat zine sarrera erostea izango da eta 30.000 sarrera saltzeko asmoa du ekoizpen etxeak, bakoitza 10 euroan.
Patxi Biskertek filmaren eta auzolan proiektu horren inguruko xehetasunak azalduko ditu martitzen arratsaldean, 19:00etan, Tolarekua aretoan eskainiko duen hitzaldian. Soraluzeko Udaleko kultura sailak eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak dei egiten diete soraluzetarrei, proiektuaren aurkezpenera eta etorri eta egoki iritziz gero, auzolanean parte har dezaten.