37 urteko soraluzetar bat epaitzen ari dira, bortxaketa salaketa batengatik

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 22a, 09:52

Atzo, astelehena, 37 urteko soraluzetar baten kontrako epaiketa hasi zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. 42 urteko emakumea bortxatzeaz dago akusatuta. 2016an izan ziren ustezko gertakariak. Atzo, udaletxeko Gizarte Zerbitzuetako langileak epaiketan izan ziren, lekuko modura. Komunikabideek argitaratu dutenez, fiskaltzak 12 urteko kartzela-zigorra eskatzen du akusatuarendako.

Segurtasun Sailak emandako informazioaren arabera, 2016ko urrian salaketa aurkeztu zuen Soraluzeko emakume batek. Salaketaren arabera, auzokideak bortxatu egin zuen, goizaldean. 

Komunikabideek argitaratutako xehetasunen arabera, emakumea bakarrik bizi zen eta haren etxera joan zen ustezko erasotzailea, atea behin eta berriro joz. Emakumeak pentsatu zuen bere senide bat zela, atea zabaldu zion eta orduan, gizonak emakumea indarrez harrapatu eta bortxatu egin zuen, gainera, nahiz eta jakin emakumeak ezgaitasun intelektuala duela.

Salaketa aurkeztu zuen emakumeak 42 urte ditu orain, baina ustezko bortxaketa 37-38 urte zituenean gertatu zen. Akusatuak, berriz, 37 urte ditu orain, beraz, 32-33 urte zituen ustezko bortxaketa egin zuenean. 

Gizonaren DNA aurkitu zuten

Komunikabideek argitaratu dutenez, gizonezkoaren DNA aurkitu zuten biktimaren ohean. Baina akusatuak ukatu egin du inoiz harreman sexualik izan duenik emakumearekin. Dioenez, biktimari halako gauzak oparitu egiten zizkion bere familiak eta horregatik azaldu dela bere DNA. 

Berez, epaiketa abenduan egin behar zuten. Soraluzeko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako lekukoak orduan ere bertaratu ziren epaitegira, baina biktima ez. Baina, orain, biktima ere azaldu da epaiketara eta Gizarte Zerbitzuetako langileak atzo, astelehena, izan ziren deklaratzen, lekuko modura. Ez dute bestelako informaziorik eman.  

Gipuzkoako fiskaltzak 12 urteko kartzela-zigorra eskatzen du ustezko erasotzailearendako, defentsako abokatuak, berriz, absoluzioa. Bihar segituko du epaiketak.