Oporrak… baina irailean segituko dute

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 21a, 12:33
Herritarrak pentsio publikoen alde.

Gaur egin dute pentsio publiko duinen aldeko azkeneko elkarretaratzea, oporrak hartu baitituzte. Hori bai, irailean bueltatuko dira eta “indartsu” , borrokan segitzeko. Osterantzean, pentsioei dagokienez, auditoria publikoa eskatuko diote Escrivá ministroari, “pentsioen itsulapikoan sartu ez ziren kotizazio sozialen superabitak non dauden jakiteko”.

45 bat herritar elkartu dira pentsio publiko duinen aldeko gaurko elkarretaratzean. Diruaren desbideraketa kontrolatzea eta harekin amaitzea. Horixe izan da gaurko eskari nagusia, pentsioendako batutako dirua pentsioak bermatzeko erabil dezatela, alegia: “Kotizazio sozialen desbideratze sistematikoari amaiera” ematea. 

155.500 milioi euro desbideratuta

Datuak ere helarazi dituzte: Gizarte Segurantzak berak argitaratutako txosten baten arabera, 1989tik 2013ra bitartean, “155.500 milioi pareko (2013ko eurotan ari gara), gizarte-kotizazioetatik desbideratu ziren osasun-gastuak eta ordainsaririk gabeko osagarriak ordaintzeko”.

Pentsiodunen mugimenduak uste du hori pentsioen itsulapikoarekiko “iruzurra” dela, “izan ere, 2.000 eta 2.011 artean 68.000 milioi euro baino ez zituen bildu, eta hurrengo zortzi urteetan, hurrengo gobernuek ia hutsik utzi zuten”. Halaber, uste dute kotizazioen desbideratzea erabili dutela pentsioen sistema publikoari eraso egiteko. “Sistema publikoa okertu zuten, diru publikoarekin sustatutako eta bankuek kudeatutako pentsio-funts pribatuetan aurreztu behar genuela konbentzitzeko” salatu dute.

Horregatik guztiagatik eskatu diote ministroari auditoria publikoa egin dezala “pentsioen itsulapikoan sartu ez ziren kotizazio sozialen superabitak non dauden jakiteko”.