Elkarte gastronomikoak zabalik eta kirola ikusleekin

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 18a, 20:07

SARS CoV-2 koronabirusaren eragina gutxitu eta egoera hobetu egin dela-eta, orain arteko neurriak malgutu egingo direla iragarri du Iñigo Urkullu lehendakariak. Besteak beste, jarduerak gaueko ordu biak arte egon daitezke zabalik, kirol ekimenetara ikusleak bertaratu ahalko dira, elkarte gastronomikoak zabaltzeko aukera izango da eta ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun eseri ahalko dira. Bestalde, Espainiako presidente Pedro Sanchezek iragarri du ekainaren 26tik musukoak ez direla derrigorrezkoak izango aire librean.

Neurri berriak bihar, ekainaren 19an, sartuko dira indarrean. Honakoak: 

  • Jarduerak ixteko ordutegia gaueko ordu biak arte luzatuko da. Oro har, edukieraren muga % 60-koa izango da.
  • Edozein gizarte-, kultura- edo kirol-ekitalditarako, gehienez 600 pertsona egongo dira barruan eta 800 kanpoan. 1.600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan, maximoa 800 pertsonara zabaltzen da barnealdean eta 1.200 pertsonara kanpoan. 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten instalazioetan, gehieneko edukiera % 30ekoa izango da.
  • Ostalaritzan, mahai bakoitzeko sei lagun elkartzea ahalbidetzen da, bai kanpoan eta baita barruan ere. Barneko edukiera % 50-ean mantenduko da.
  • Txokoak eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira, ostalaritza jarduerek duten irizpide berberekin. Edukieraren muga % 50-ekoa izango da, eta goizeko bederatzietatik gaueko ordu biak arte irekiko dira.
  • Aire librean egiten diren kultura, turismo edo natura bisitetan taldeek 20 pertsona elkartu ahal izango dute. Barnealdean 10 pertsona elkartu ahal izango dira.
  • Barruko instalazioetako kirol-jarduera 10 pertsonako taldetan egituratu ahal izango da. Aldageletako edukiera % 50-era arte handituko da. Eskola-kirolaren lehiaketak udako txapelketetarako baimenduko dira.

Bizilagun ugarik hartu du txertoa

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, joan den asteartetik 5. mailatik 2. mailara pasatu gara eta nabarmendu du ZIU-en betetze maila ere 5. mailatik 2. mailara pasatu dela dagoela. Gainera, adierazi du heriotzen datuak baxuenak direla joan den udatik.

Txertaketari dagokionez, Lehendakaria azaldu du 1.115.000 bizilaguni eman zaiela txertoren bat eta guztira 750.000 pertsonek jaso dutela tratamendu osoa. “50 urtetik gorako biztanleen % 93-k baino gehiagok txertoaren dosi bat jaso du gutxienez”, gaineratu du.

Hala ere, zuhurtziarako deia ere egin du, kezka erakutsiz birusaren aldaera berriekiko.