Oraindik orain pandemiak baldintzatutako egoera bizi dugun arren, iaz ez bezala, aurten ume ugari animatu da udalekuetan izena ematera. Are gehiago, oso gertu ibili da orain arte izan den ume kopururik altuenetik, aurten 171 umek eman baitu izena eta errekorra 180 umetan baitago.
Izen-emate oparo horretan lagungarri izan da, noski, aurten gaztetxoenek ere parte hartu ahal izango dutela udako aisialdi eskaintza horretan.
Kontuak kontu, Kukumixokoak azken xehetasunak lantzen ari dira, bi aste barru ume horiek guztiek ahalik eta udalekurik gozagarrienak pasa ditzaten. 16 begirale eta Miren Gallastegi gidaria arduratuko dira horretaz.
Balorazio positiboa
Halaber, Udaleko Haur eta Gazte Saileko Patricia Borinaga arduradunak ere izen-emate horren balorazio oso positiboa egin du. “Pozgarria da ikustea, pasa duguna pasata, jendeak baduela normaltasunera bueltatzeko gogoa eta prestutasuna. Gainera, udalekuak garrantzitsuak dira umeendako, bai bertakoendako eta baita ere kanpotik etorri direnak bertan eta bertakoekin integratzen laguntzeko”.