Zahartzaroaren aurkako abusuak eta tratu txarrak salatu zituzten

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 15a, 08:01
Pentsioen aldeko elkarretaratzea, kontzejupean, atzo, astelehena.

Gaur, ekainaren 15ean, Zahartzaroaren Aurkako Abusu eta Tratu Txarren Kontzientzia Hartzeko Mundu Eguna da. Horixe izan zuten hizpide, besteak beste, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean, atzo. Horren harira, bat egin zuten gaur, martitzena, Gipuzkoako Senideak elkarteak antolatutako mobilizazioekin, egoitzetako "tratu txarrak" salatzeko.

Adinduen kontrako abusuen eta tratu txarren kontrako eguna baliatuta, pentsio publiko duinen aldeko mugimenduak egoitzetan adinekoei ematen dieten “zaintza eskasak” salatu zituzten atzoko elkarretaratzean, esanez, egoitzetan ez daudela “behar adina langile egoiliarrak artatzeko”. Halako egoerak ez gertatzeko, uste dute “debekatuta” egon beharko lukeela “zaintzekin negozioa egitea”.  

Ildo beretik, salatu zuten pandemian, erakundeen aldetik, egoitzetan izandako “murrizketen eta inprobisazio instituzionalaren ondorioz”, egoitzak bilakatu direla “barneratze-zentroak eta kutsatze-gune iraunkorrak”.

Hori horrela, bat egiten dute gaur, ekainaren 15ean, egoitzetan bizi diren egoiliarren Senideen Elkarteek antolatu dituzten mobilizazioekin. 11:00etan egin dute elkarretaratzeko deia, Gipuzkoa plazan, Tratu txarrik ez lelopean.  

Pentsioak, bankuak eta adinkeria

Bestalde, adierazi zuten tratu txartzat jotzen dituztela “bizitza osoan lan egin ondoren, milaka pertsonak jasaten dituzten miseria-pentsioak”, emakumeen kasuan “odoltsuagoak”.  Tratu txartzat hartzen dute, baita ere, bankuek adinduei ematen dieten arreta.  Eta baita “adinkeria” ere, “hau da, ona, erabilgarria, gaztea izatea dela pentsatzea. Gu ez gara alferrikakoak sentitzen”, azpimarratu dute.

Atzo, eguerdi partean zegoen beroaz babesteko, Kontzejupean egin zuten asteleheneroko elkarretaratzea. 45 bat herritarrek babestu zuten.