Audiofonoaren kasua, jende zintzoa dagoen seinale

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 14a, 10:55
Imanol del Campo Jimenez, Correoseko gurditxoarekin, zubian.

Astelehenean, 65-70 urte inguruko gizonezkoa larri joan zen Udaltzaingora, audiofonoa galdu zitzaiola eta ea norbaitek bertara eramanda zuen galdezka. 1.000 eta 4.500 euro bitarteko kostua izaten dute entzumenerako aparatu horiek. Zoritxarrez, astelehenean, inork ez zuen audiofonorik entregatu Udaltzaingoan. Baina…

Baina… eguaztenean, Correoseko Imanol langilea joan zen Udaltzaingora, kalean zerbait aurkitu zuela esanez… Eta bai, audiofonoa zen! Haren jabea barikuan joan zen Correosera Imanoli eskerrak ematera. 

Ezin sinistuta zegoen Bergaran bizi den gizonezkoa. Izan ere, audiofonoa galtzen zuen bigarren aldia zen. Lehenengo aldian asegurua kargu egin bazen ere, bigarrenean ez zela kargu egingo esan zioten. Beraz, disgustu ederra hartu zuen harik eta Soraluzeko Udaltzaingoaren deia jaso zuen arte. 

Bazekien zenbat balio zuen

Imanol del Campo Jimenezek (Eibar, 1977) urtebete inguru darama Soraluzen lanean, txandaka. Asteotan posta banatzen dabil, txapel horia jantzita, herri osoan gora eta behera.

Aurkitutakoak bueltatzeko ohitura duzu?
Ez ditut gauza asko aurkitu, egia esan. Bost euro, asko jota. Baliotsuena audiofonoa izan da.
Bazenekien zer zen?
Ba bai. Badakit zenbat balio duen. Justu ama dabil bat erosi nahian, baina asko balio duenez, hor dabil erosi ala ez… Aurkitu nuenean, pentsatu nuen: honek bakarrik balio du galdu duen pertsonak erabiltzeko eta asko balio duenez…
Ez zenuen pentsatu amari eramatea? (barre)
Ba ez. Akaso balioko lioke, baina ez dakit. Ez nuen hori pentsatu, egia esan. Nahiz eta amak ere behar izan, galdu zuenarendako zelako kaltea den jakinda…
Non aurkitu zenuen?
Etxaburueta 9 inguruan, ataritik metro gutxira. Lurrean ikusi nuen eta pentsatu nuen: hau audiofono bat da! Espaloi erdian zegoen, ez dakit inork zapaldu zuen ala ez.
Noiz? 
Eguaztenean aurkitu nuen eta egunean bertan entregatu nuen Udaltzaingoan. Badakit udaltzainak audiofonoaren argazkia bidali ziola gizonari whatsappez, hark ez zuelako sinesten berea zenik.