Ehun partaide baino gehiago ikasturte amaierako kontzertuan

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 11a, 17:03

Musika tailerrekoak Udaberriko Kontzertuan, 2019an.

Egunotan, Soraluzeko Musika Eskolako ikasle gehienak entseatu eta entseatu ari dira, datorren astean eskainiko duten kontzertuari begira. Bi txandatan banatuta, ekainaren 16an, ehun ikasle baino gehiagok jardungo dute musikari, eguraldia lagun, frontoian, bestela antzokian. Gonbidapenak eska daitezke.

Pandemiarengatik ezarritako edukiera mugak errespetatzeko, ikasturte amaierako kontzertua bi txandatan eskainiko dute musika eskolako ikasleek. 17:30ean izango da lehen txanda eta bigarrena 19:00etan.

Lehen txanda ikasle gaztetxoenen emanaldia izango da. Pentagramaenea ipuin musikatua taularatuko dute musika tailerrekoek (4, 5, 6 urteko umeak) eta abesbatzak. Ikuskizuna osatuko dute hainbat talde instrumentalen saiotxoekin.

19:00etan, berriz, helduagoen txanda izango da. Ikasle diren gurasoek, txelistek, konboek, gitarra elektrikoek, saxofoiek, talde instrumentalek… osatuko dute kantaldia “rock gehiagorekin”… Eta trikitilariek eta pandero-joleek ere bigarren txandan joko dituzte euren piezak.

Eguraldi ona bada, musika eskolako ikasturte amaierako kontzertua frontoian izango da, bestela, antzokian. Lehen txandako saioa ikustera joateko gonbidapen berdeak eraman behar dira eta bigarren txandarako gonbidapen laranjak. Parte hartuko duten ikasleei eta haien gurasoei eman dizkiete. Soberan daudenak, berriz, musika eskolako harreran eska daitezke.