Jokin Oregi: “Jendeak ondo pasatzeko moduko ikuskizuna da, bai haurrek, bai umeekin doazenek eta baita haurrik gabe doazenek ere"

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 11a, 09:01
Jokin Oregi. Argazkia: Kulturklik.

Marie de Jongh konpainiak Ikimilikiliklik lana eszenaratuko du domekan, Arane kiroldegiko frontoian, 18:00etan. Son handikoa da konpainia hori eta lehen aldiz bisitatuko du Soraluze, baina sentimendu bereziarekin datoz, konpainiaren zuzendaria eta sortzaileetako bat, Jokin Oregi, Plazentziakoa baita, “oso harro, gainera”. Berak dioen moduan, sorginei buruzko “ipuintxo” batekin datoz, 6 urtetik 116 urte bitarteko edozeinendako modukoa, “ondo landua haur antzerkigintzan beti ere ikusten ez den kalitate batekin, goxo pasatzeko moduko ipuin garaikidea".

Herria oso barruan daramat beti eta oso harro, gainera

Pozik herrira zatoztelako?
Jakina. Tartean Teatrorekin joan izan naiz, baina Marie de Jongh-ekin ez eta konpainia horretako kidea andrea dut, Ana, eta lehen aldiz arituko da herrian. Oso berezia da. Herria oso barruan daramat beti eta oso harro, gainera. Urte asko dira Bilbon bizi naizela, Plazentzian baino gehiago, baina norbera nongoa den sustraiekin lotzen duzun, ez bakarrik non jaiotakoa zaran, baita ere familia non duzun, nondik etorri zaren… Beti da berezia Plazentzian lan egitea. Esaten da inor ez dela profeta norbere herrian baina gu joan izan garen guztietan oso bero hartu gaituzte eta hori eskertzekoa da beti. 

Antzokian barik, frontoian egingo duzue ikuskizuna, zergatik? 
Plazentziara joateko aukera sortu zenean, galdetu nuen ea posible zen leku altrernatiboren baten egitea Ikimilikiliklik antzezlana: kalean, mendian… Sorginen inguruko istorioa izanda egin ahal zen San Martzialen edo San Andresen… Gogo hori neukan eta konfiantzarengatik, Plazentzian eskatu nuen aukera. Baina gero, zaila da halako lekuetara jendea erakartzea. Esan zidaten kiroldegian egin ahal nuela eta onartu egin nuen. Hori bai, eskatuko nuke kiroldegiko akustika ondo egotea, ze lehen aldiz, gure antzezlan bat testuduna da eta ondo legoke ondo entzutea. Ikimilikliklik ipuintxo bat da Marie de Jonghek egin duen ikuskizun umeendakoena. 6 urtetik gorakoentzat da. 6 urtetik 116 urtera bitartekoentzat.

Haurrek ikustea helduek haurrentzakoa suposatzen dena gustura ikusten dutela, horrek lotura berezia ekartzen du belaunaldien artean

Diozu ez duzuela haurrentzako haur antzerkia egin nahi…
Haur antzerkia bai. Baina definizio horrek badu esanahi txar bat, zerbait eskastxoa edo oso mugatua balitza moduan. Gu beti saiatu izan gara muga horiek gainditzen, beti. Badakigu umeak, normalean, ez direla bakarrik joaten antzokira, helduekin, baizik. Eta horiek ere gustura badaude…  Haurrek ikustea helduek haurrentzakoa suposatzen dena gustura ikusten dutela, horrek lotura berezia ekartzen du belaunaldien artean. Gozada bat da. Beti esaten dut herri txiki batekoa edo Plazentziakoa naizela. Gogoan dut plazara irteten ginela eta zaharrak eta umeak eta helduak elkarrekin egoten ginela ekimen kulturalak ikusten. Hori oso interesantea da, herrikide egiten zaitu eta umeak ere sentitzen du tribu edo talde bateko parte dela. Hori guretzat oso inportantea da. Badakit kontsumismoak espezializaziora garamatzala, baina badaude gauza batzuk elkarrekin egitea komeni dela. 

Bestalde, begira, gure hurrengo ikuskizuna izango da helduentzat egiten dugun lehena, 12 urtetik gorakoentzat. Otsailaren 26an Barakaldo antzokian estreinatuko dugu.

Bulkada artistikoak oso zintzoak izan behar dira, bestela igarri egiten da

Zer dela eta giro hori?
Urteek aurrera egin ahala, gure neskatoa, Marie de Jongh hazten ari delako izango da igual.  Artistikoki beste eremu batzuk jorratzen ari gara, gure ustez helduendako direnak. Beti eman diogu inportantzia zer kontatu horri eta horren ondoren erabakitzen dugu nola. Bestela gure buruari traizio egitea izango litzateke. Ez gaude misio-edo halako zerbait kunplitzeko. Bulkada artistikoak oso zintzoak izan behar dira, bestela igarri egiten da. Gure lanbideak beste zerbait eskatzen du edo enik neuk xijitzen diot nire buruari. Haur-familia antzerkigintzan egin dugu bide bat eta oso eskertuta gaude jasotakoarengatik. Sortu ginela 10 urte zirenean, MAX saria eskuratu genuen. Hori demasa izan zen, ez bakarrik saria eskuratzea, baita ere epaimahaikideek nola kontestualizatu zuten saria eta zertzuk esan zituzten… Oso errekonozituak sentitzen gara Espainia mailan eta orain Frantzian ere hasi gara sartzen.

Nahiko nuke Amour lanarekin ere noiz edo noiz iritsi Plazentziara

Baina horrekin batera esan nahiko nuke beste esparru horietan lanean aritu arren, ez dadila Plazentziara goazen azken aldia izan. Baditugu beste lan batzuk Plazentzian eskaintzeko modukoak. Adibidez, orain Amourrekin ari gara. Lan hori ere bada sariduna. Madrilera oraintsu goaz Amourrekin. Pentsa, 2022ko Gabonetan Bilbon egongo gara Amourrekin. Hori ere hor dago eta nahiko nuke lan horrekin ere noiz edo noiz iritsi Plazentziara. Gainera, frontoian egiteko oso aproposa da, mutua da eta musika entzutearekin ya ikusten da. Ea ondo doan gure Iehen esperientzia eta ikusiko dugu. 

Uste dut jendeak ondo pasatzeko moduko ikuskizuna dela, bai haurrek, baita umeekin doazenek eta baita ere haurrik gabe doazenek

Herrikideei zer esango zenieke?
Sorginei buruzko lantxo bat ikusi nahi badute, ondo landua haur antzerkigintzan beti ere ikusten ez den kalitate batekin, goxo pasatzeko moduko ikuskizuna dela, ipuin garaikide bat, baduela tradiziotik baina baita ere garaikidetik eta originala dela zentzu horretan. Neronek idatzitako ipuin baten testuan oinarritutakoa da. Nik uste dut jendeak ondo pasatzeko moduko ikuskizuna dela, bai haurrek, baita umeekin doazenek eta baita ere haurrik gabe doazenek. Esan behar baitut gure ikuskizunetara gero eta jende gehiago datorrela haur barik. Amourrekin, adibidez, Kataluniatik eta beste bat Extremadurik Madrilera joan izan dira propio gure obrak ikustera. Badaude jarraitze fin batzuk. Halakoak gertatzen dira.