Domekan Konpost taldeak joko du Gaztelupen

Egoitz Unamuno 2021ko eka. 10a, 12:51
Konpost taldea. Iturria:Aiaraldea.eus.

RIP eta Hertzainakeko kideak dituen Konpost talde gasteiztarrak zuzeneko kontzertua eskainiko du domekan Gaztelupeko terrazan, Domeka ertzekoak emanaldi zikloaren barruan. Sasioa 19:00etan hasiko da eta sarrerak Gaztelupeko Tabernan eskuratu ahalko dira 3 euroan. Plaentxia.eus-ek 2 sarrrera bikoitz zozkatuko ditu HEMEN.

Rocka eta bestelako doinuak uztartzen dituen talde berezia da Konpost. Berezia da batetik taldea osatzen duten kideengatik eta, bestetik, egiten dituzten kantuengatik. Izan ere, taldea osatzen duten lau lagunetatik bi Txerra Bolinaga  bateria eta Bingen Mendizabal biolinjolea, garai batean RIP eta Ertzainak euskal talde ezagunetako kide izandako musikariak dira, eta gainerako kideak ere hainbat saltsatan jardundakoak: Jon Aranburu taldeko gitarrajolea Stockhom S. taldean jotakoa da eta Ruben Sanchez abeslaria, berriz, bertsolaria da eta berriki Hondarrak nobela argitaratu du.

Kantu bereziak eta zuzeneko "dibertigarria"

Kantuei dagokienez, “esan liteke istorio xelebreak asmatu edo kontatzeko joera duela taldeak, abestien izenburuek adierazten dutenez: adibidez, 'The last human on Earth', 'Sin plomo 72 litro' edo 'Gasteiz rules'. Gitarra zikin eta bateria pisutsuekin, rocka eta zenbait kantuetan, bluesa, heltzen zaigu belarrietara Konposten eskutik” (Naiz irratia).

Joan zen astean Aiaraldeko Faktorian eskaini zuten kontzertuan, David Bowie edota Camaron de la Islaren kantak ere jo zituzten, azken hori euskaratuta, gainera.

Beraz, domekan, Soraluzeko emanaldian ere zuzeneko berezia eta “dibertigarria” espero liteke.   

40 sarrera

Covid neurriak direla eta, domekako emanaldirako aforoa oso murriztua izango da; 40 sarrera bakarrik jarri dituzte salgai eta dagoeneko eskura litezke Gaztelupe tabernan 3 euroko prezioan.

Bestalde, bada sarrerak eskuratzeko beste aukera bat ere, Plaentxia.eus-ek emanaldirako bi sarrera bikoitz zozkatuko baititu (HEMEN).   

Kontzertu hau Gaztelupe Tabernak abiatu duen Domeka ertzekoak zikloaren barruko bigarren emanaldia izango da eta Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearekin batera antolatu du Gaztelupek.