Ikasturte amaierako kontzertua, aurten bai

Ubane Madera Zangitu 2021ko eka. 8a, 11:52
Musika eskolakoen udako kontzertua, 2017an.

Soraluzeko Musika Eskolatik jakinarazi dute aurten bai izango dela ikasturte amaierako kontzertua, iaz pandemiak galarazi egin zuena. Datorren asteko eguaztenean izango da, eguraldiak lagaz gero, frontoian, euria bada, berriz, antzokira lekualdatuko dute ekitaldia.  Bitan banatuko dute saioa, segurtasun neurriak errespetatu ahal izateko.

Iaz Kulturaldiko kontzertuak egin ziren toki berean egingo dute musika eskolako ikasleek datorren eguazteneko kontzertua: frontoiko bi porterien edo ateen bitarteko espazioan. Ingurua itxi egingo dute hesiz eta jarlekuak ipiniko dituzte, baita gela ere, izan ere, eserita, maskara jantzita eta segurtasun tarteak gordeta egon beharko da. 

Bi saio

Kontzertuan, berriz, ikasle gehienek parte hartuko dute, musika tailerretan, abesbatzan eta talde instrumentaletan daudenak. Nagore Sanzek, musika eskolako zuzendariak jakinarazi duenez, egitaraua bitan banatuko dute, 17:30ean izango da lehen saioa eta 19:00etan bigarrena, hartara, edukiera muga errespetatu ahal izango dute.

Bina gonbidapen

Ildo beretik, kontzertuan parte hartu behar duen ikasle bakoitzari bina gonbidapen emango diete, familiakoei edo lagunei eman ahal izateko. Gero, hortik eta dagoen edukiera muga bete arte, (100 ikuslekoa izango da) edozeinek eska dezake gonbidapena kontzertua ikusteko, nahiz eta kontzertuan parte ez hartu. 

Bestalde, datorren ekainaren 23an, Nire lehen kontzertua eta diplomadunen saioak egingo dituzte, antzokian.